Valentin Lukanek Bach, Wagner eta Liszt eraman ditu basilikara

Mailo Oiarzabal 2024ko urr. 19a, 08:52

Valentin Lukan, Itziar Urbietak eta Loreto Aramendik lagunduta, atzo, Loiolan. (Urtzi Oteiza)

Organo Erromantikoaren Nazioarteko XXV. Zikloaren barruan eskaini zuen kontzertua atzo arratsaldean organo jotzaile austriarrak. Datorren astean bukatuko da aurtengo zikloa Loiolan, organo ikasleen emanaldiarekin.

Organo Erromantikoaren Nazioarteko XXV. Zikloaren barruko hirugarren hitzordua izan zuten musikazaleek atzo arratsaldean Loiolako basilikan. Valentin Lukan organo jotzaile austriarrak eskaini zuen atzoko kontzertua eta hiru konpositore handiren piezekin osatu zuen egitarauaren zati nagusia Lukanek: Johann Sebastian Bach, Richard Wagner eta Franz Liszt. Hiru horien bina obraren moldaketak ez ezik, Lukan beraren sorkuntzak ere entzun ahal izan zituzten basilikan elkartu ziren entzuleek.

Datorren ostiralean, urriak 25, bukatuko da organo erromantikoaren bueltan Azpeitiak, Azkoitiak eta Bergarak elkarrekin antolatzen duten zikloaren 25. aldia. Hain zuzen ere, Loiolan izango da azken hitzordu hori, Azpeitiko eta Bergarako musika eskoletako organo ikasleen eskutik, 19:00etan. Azkoitian eta Bergaran, berriz, gaur eta bihar izango dituzte, hurrenez hurren, azken kontzertuak.

Lukan, kontzertua hasi aurretik. (U. Oteiza)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide