Joan den asteburuan mendian, Azpeitian, eta Euskadi Irratiak antolatuta; eta atzo errepidean, Azkoitiko Jokin Ormaetxea Memorialaren barruan. Azpeitiko eta Azkoitiko kirolarien arteko bi erronka jokatu dituzte astebeteren buruan, eta bietan Azpeitiko ordezkaritzarentzat izan da garaipena.
Atzo, Ormaetxea azkoitiar txirrindulari zena hil zeneko hogeigarren urteurrena eta hark Joseba Agirre atletaren kontra jokatu zuen erronka gogoan, arratsalde osoko kirol festa eta lehia izan zituzten Azkoitian, Azkoitri triatloi klubak antolatuta. Azkoititik Munategiraino errepide nagusitik joan eta handik Santa Kutzeko bidetik Azkoitira itzuli, zirkuitu horri Ormaetxeak bizikletan bi itzuli eta Agirrek lasterka itzuli bat egin zizkioten 1998an, eta txirrindularia nagusitu zen. Atzo, zirkuitu beraren gainean, baina taldeka eta erreleboka lehiatu ziren Azpeitia, Azkoitia eta bi herrietako beteranoek osatutako talde mistoa, eta Azpeitia ordezkatuz lehiatu zen taldeak irabazi zuen erronka. Bizikletan Oier Etxeberria eta Vanessa Cerrajero, eta korrika Julen Azpiazu, Maite Etxezarreta eta Aitor Mimenza aritu ziren atzo Azpeitiko taldearentzat Azkoitian.