Egun osoko egitarauarekin ospatu dute Esklabak Zentro Sozialistaren 6. urteurrena

Unax LarraƱaga 2024ko urr. 20a, 15:10

Potx pailazoaren emanaldia, YK Ridersen ikuskizuna, bazkaria, umore saioa, boxeo ikuskizuna, parrillada, kontzertua eta DJak izan ziren atzokoan. Jende andana bildu zen Esklabetako ezker hegalean, giro onean.

Egun berezia izan zen atzokoa Esklabetan, izan ere, Esklabak Zentro Sozialistak sei urte bete ditu aurten. Hori ospatzeko, egun osoko egitaraua antolatu zuten atzo eta ekitaldi ugari egin zituzten bertan. 

Potx pailazoaren emanaldiarekin hasi zuten eguna Esklabetan eta haur, gazte zein helduei barre algara ugari atera zizkien. Horren ondoren egin zuten YK Ridersen ikuskizuna, skate parkean, eta ikusmira piztu zuten gurpil gainean zuten talentua erakutsi zutenek. Horren ondoren, jada gosea eginda, bazkarirako unea izan zen eta bazkalondoan Apuntau kedadie umore saioa eskaini zuten bi kidek. Hauek ere barre algara ugari atera zizkieten bertaratu zirenei. 

Arratsaldean beste kirol ikuskizun baten unea izan zen, boxeo ikuskizunarena, hain zuzen ere. Jende ugari bildu zen ring barruan lehiatu zuten kirolariak animatzen. Horren ondoren parrillada egin zuten, eta tripa bete ostean eta Palestinar erresistentziaren aldeko aldarria egin ostean, Mutiko eta Densoren kontzertua izan zen Esklabetako atarian. Eguna giro onean amaitzeko DJak izan ziren gau aldean.

(Argazkiak: Urola Erdiko Kontseilu Sozialista)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide