Urriko III. Topaketa Ekologikoa izango da bihar Azoka Plazan, baserritarren ohiko azokarekin bat eginez. Biolurrek eta Elikaguneak prestatu dute hitzordua, eta produktu ekologikoen postuak, umeentzako sukaldaritza tailerra nahiz jolasak eta pintxo dastaketa izango dira.
16:30ean jarriko dituzte ekoizleek postuak; besteren artean, sagardoa, gazta, ogia, zukuak, barazkiak eta abar erosteko aukera izango da. 17:30ean, berriz, 8 eta 12 urte bitarteko umeei zuzendutako Ekoizpen duina, kontsumo herrikoia sukaldaritza tailerra esainiko du Maitane Cabeza Koxinatuko kideak. Saioan parte hartzeko aurrez izena eman beharko da Elikagunean edo 688 68 86 96 telefono zenbakira deituta.
Ondoren, 17:30etik 19:30era bitartean, edari eta pintxo ekologikoak dastatzeko aukera izango dute herritarrek, Jokin Uranga eta Jon Gurrutxaga bertsolariek girotuta. Gainera, umeentzako askotariko jokoak izango dira Kalalaren eskutik.
Egitaraua
16:30-19:30.
- Ostiral arratsaldeko azoka
- Eskualdeko produktu ekologikoen postuak: sagardoa, gazta, ogia, zukuak, barazkiak, arrautzak…
17:30-18:30.
- Umeentzako Ekoizpen duina, kontsumo herrikoia sukaldaritza tailerra.
17:30-19:30
- Edari eta pintxo ekologikoen EKOdastaketa Jokin Uranga eta Jon Gurrutxaga bertsolariek girotuta.
- Zurezko plaza jokuak.