Perfect days eta Robotia filmak emango dituzte asteburuan Soreasu antzokian. Igandean eta astelehenean emango dute Japonian egindako eta Wim Wendersek zuzendutako Perfect days filma, 19:30ean eta 21:00etan, hurrenez hurren. Robotia animaziozko filma, berriz, igandean ikusi ahal izango da, 16:30ean. Hiru emanaldietarako sarrerak Kulturaz.eus webgunean eros daitezke.
Honako hau da Perfect days filmaren sinopsia: "Hirayama oso pozik dago Tokioko komun garbitzaile gisa izan duen bizitzarekin. Eguneroko errutina egituratuaz kanpo, musikarekiko eta liburuekiko pasioaz gozatzen du. Zuhaitzak maite ditu eta argazkiak ateratzen dizkie. Ustekabeko topaketa batzuek bere iragana erakusten dute pixkanaka".
Robotia filma Espainian ekoitzia da, eta Diego Cagide zein Diego Lucero dira haren zuzendariak. Honako hau da lan horren sinopsia: "Androidez osatutako mundu batean, bi robot fabrika berean eraikitzen dituzte, material berberekin eta aldi berean. Baina urteak igaroko dira topo egin baino lehen. Alexek eta Bibik futbola maite dute. Alexek uste du ezin duela jokatu, eta Bibiri ez diote uzten. Hala ere, robot talde zoragarri eta zoro batekin batera, futbol zelai batean elkartuko dira".