ISBren bi talde nagusiek garaipena lortu dute asteburuan

Nerea Uranga 2024ko urr. 21a, 10:13

Iraurgi SBko gizonen talde nagusiak etxean mendean hartu du Insolac Caja 87 taldea, eta emakumeenak Real Canoeri irabazi dio etxetik kanpo. Bihar, asteartea, Espainiako Kopako jardunaldia jokatuko du Biele ISBk Oviedoren kontra Azpeitiko kiroldegian.

Iraurgi SBko FEB Bigarren Mailako Biele ISBk denboraldiko hirugarren jardunaldia jokatu zuen atzo arratsaldean Azpeitiko kiroldegian Sevillako Insolac Caja 87 taldearen kontra, eta 76-69 irabazi zion. Lehen zatian 20na berdinduta bukatu zuten, eta atsedenera heltzerako lau punturen aldea atera zion Caja 87ri Biele ISBk. Atsedenetik bueltan, lehenengo zatian puntu baten aldea atera zion kanpoko taldeak ISBri, baina azkenengoan, aurkariak baino lau puntu gehiago eskuratu zituen Biele ISBk. Era horretan, denboraldiko lehen garaipena lortu zuten Merinoren mutilek.

Datorren jardunaldia etxetik kanpo jokatuko du Biele ISBk Rioverde Clavijoren kontra. Datorren igandean (urriak 27) da partida, 12:00etan, Logroñon (Errioxa, Espainia).

Challenge Ligako Domusa Teknik ISBk etxetik kanpo jokatu zuen larunbat arratsaldean Real Canoeren kontra. ISBko emakumeen talde nagusiak ere garaipena lortu zuen, 61-65 eginda. Partidaren hasieratik hartu zituzten mendean aurkariak eta atsedenera hamar puntuko aldearekin iritsi ziren (25-35). Atsedenetik bueltan, ordea, aurkariak ISBkoak baino gehiago izan ziren, eta sei puntu gehiago eskuratu zituzten. Iraurgiko emakumeen talde nagusiarentzako denboraldiko bigarren garaipena izan da asteburuan lortutakoa.

Domusa Teknik ISBk hurrengo jardunaldia etxean jokatuko dute Mallorcaren kontra; larunbatean (urriak 26), 17:30ean, Azkoitiko kiroldegian.

Espainiako Kopako jardunaldia bihar

Bihar, urriak 22, asteartea Espainiako Kopako jardunaldia jokatuko du Biele ISBk Oviedoren kontra. Partida Azpeitiko kiroldegian jokatuko dute, 20:00etan hasita. Ate irekiak egingo ditu Iraurgi saskibaloi klubak, eta partida doan ikusteko aukera izango dute saskibaloizaleek.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide