Azaroaren 3an izango da Udazkeneko Argazki Rallya

Julene Frantzesena 2024ko urr. 23a, 09:00

Argazkilari bat Gau Txori rallyan parte hartzen. (Nerea Uranga)

Rallyan parte hartu nahi duten argazkilariek egunean bertan eman beharko dute izena. Argazkiak ateratzeko gaiak eta ibilbidea orduan jakinaraziko dute antolatzaileek. Rallyko sari banaketa ekitaldia azaroaren 21ean, ostegunez, egingo dute.

Azpeitiko Argazki Elkarteak jarri du Udazkeneko Argazki Rallya egiteko hitzordua: azaroaren 3an, igandez, izango da. XXXIV. edizioa izango da aurtengoa, eta aurten ere herrigunean gauzatuko dute egitasmoa.

Rallyan parte hartu nahi duten argazkilariek egunean bertan eman beharko dute izena, elkartearen egoitzan, Soreasu auzoko Dinamoa sormen gunean, 09:00etatik 09:30era bitartean. Argazkiak ateratzeko gaiak eta ibilbidea orduan jakinaraziko dute antolatzaileek. Rallya 13:30ean bukatuko da elkartearen egoitzan, parte hartzaile guztien txarteletako edukia ordenagailuetara pasatutakoan.

Argazkilari bakoitzak, gehienez, 36 argazki aurkeztu ahal izango ditu, denak JPG formatuan. Argazki horiek azaroaren 7ra bitartean bidali ahal izango dituzte, argazkiakaae@gmail.com helbidera, parte hartzailearen izen-abizenak, artxiboaren izena eta gaiaren zenbakia zehaztuta.

Sari banaketa

Argazki rallyko sari banaketa ekitaldia azaroaren 21ean, osteguna, egingo dute Argazki Elkartearen egoitzan, Dinamoa sormen gunean. 21:00etarako jarri dute hitzordua, eta sariak banatzeaz gain, rallyko argazkien emanaldia ere eskainiko dute.

Rallyaren irabazleak 150 euro eta garaikurra jasoko ditu, bigarren sarituak 125 euro eta garaikurra eta hirugarren sailkatuak ehun euro eta garaikurra. Herriko lehen sailatuak, berriz, 90 euro eta garaikurra irabaziko ditu, eta argazki onenaren egileak, berriz, 60 euro eta garaikurra.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide