Lagun Onakeko bi talde nagusiek, etxetik kanpo porrota

Nerea Uranga 2024ko urr. 21a, 14:58

Gizonen Hirugarren Mailako taldeak Touringen kontra galdu du, eta Emakumezkoen Ohorezko Erregional Mailakoak Zumaiakoren aurka.

Gol aukera gutxiko partida jokatu zuen zapatuan Lagun Onakeko gizonen Espainiako Hirugarren Mailako futbol taldeak Touringen kontra. 16:30ean jokatu zuten norgehiagoka Errenteriako (Gipuzkoa) Fanderia futbol zelaian. 1 eta 0 eginda etxeratu ziren Lagun Onakeko mutilak. Zelai erdian izan zen joko gehiena, eta partidan zehar ikusita zegoen aurkariaren atean asmatzen zuenak eskuratuko zituela hiru puntuak eta halaxe izan zen. 87. minutuan sartu zuten gola Errenteriakoek. Zorterik ez zuten izan Riberaren mutilek eta esku hutsik etxeratu behar izan zuten.

Datorren asteburuan, ligako zortzigarren jardunaldia, Eibarko filialaren kontra jokatuko dute Lagun Onakekoek Garmendipen.

Emakumeek ere ez dute asmatu

Emakumezkoen Ohorezko Erregional Mailako Lagun Onakek atzo, igandea, 15:45ean jokatu zuen Zumaiako Aita Mari futbol zelaian Zumaiakoren kontra. Partidaren hasiera-hasieratik Zumaiako futbolariak nagusitu ziren eta haiei baloirik kentzen ez zuten asmatu Lagun Onakekoek partida osoan zehar. Aurkariek aurreneko gola lehen zatian sartu zuten, 34. minutuan eta atsedenera markagailuan 1 eta 0 zela iritsi ziren. Bigarren zatia ere aurrenekoaren tankeran egin zuten Lagun Onakeko futbolariek, eta ez zuten golik sartzeko aukera garbirik izan. Azkenerako gainera, jokaldi oker batengatik beren atean sartu zuten baloia Azpeitikoek, eta 2 eta 0 eginda etxeratu ziren.

Lagun Onakeko emakumeen talde nagusiak ere etxean jokatuko du datorren asteburuan, Mutrikuren kontra.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide