Gernika-Palestina plataformak egindako deialdiari gogotik erantzun diote Azpeitiko herritarrek. Gaur, astelehena, 19:00etan, hainbat lagun elkartu dira plazan, Israel Palestinan egiten ari den genozidioa salatzeko eta Palestinari elkartasuna adierazteko.
Euskal Herriko herri guztietarako egin zuen elkarretaratzeak egiteko deialdia Gernika-Palestina plataformak, Israelek Palestinaren aurkako erasoa hasi zuenetik urtebete pasatxo denean. Genozidioa stop leloa zuen pankartaren atzean batu dira gaurkoan herritarrak Azpeitian, baita eskualdeko beste hainbat herritan ere. Elkarretaratzea amaitu aurretik, Gernika-Palestina plataformak egunotako mobilizazioetarako prestatu duen manifestua irakurri dute.
Alderdi politikoek, sindikatuek eta eragile sozialek babestu dute deialdia. Hain justu, EAJ, EH Bildu, PSE-EE, Ahal Dugu, Sumar nahiz Ezker Anitza alderdietako zein ELA, LAB, Steilas, CCOO, UGT, CGT, Solidari, EHNE, Etxalde eta Hiru sindikatuetako ordezkariek parte hartu zuten Gernika-Palestinak mobilizazioa deitzeko egin zuen agerraldian, baita Ernaik, Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduak eta Euskal Herriko Bilgune Feministak ere.
Ikastetxean ere bai
Plazan ez ezik, ikastetxearen atarietara ere eraman dute Palestinaren aldeko aldarria hezkuntza komunitateko kideek. Hain zuzen ere, Karmelo Etxegarai Ikastolako kideek argazkiak atera dituzte Euskal Herria auzuneko eraikinaren atarian, baita Perdillegi kaleko eraikinaren atarian ere.