Azpeitiko Udalak eta Bertan merkatari elkarteak lankidetza hitzarmena sinatu dute, eta ondorioz, erakundeak 48.200 euroko diru laguntza emango dio herriko saltokien elkarteari. Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak eta Marisa Garcia Bertaneko lehendakariak sinatu dute hitzarmena.
Merkataritza txikia bultzatzeko eta egokitzeko jarduerak gauzatu ahal izateko jaso du laguntza ekonomikoa Bertanek. Izan ere, udalaren iritziz, tokiko merkataritzak duen dimentsio ekonomikoa bermatzeko ezinbesteko eragilea da Bertan. Hala adierazi du udalak: "Hainbat eta hainbat jarduera egiten ditu herriko merkataritza suspertzeko eta sektoreko enplegua bultzatzeko".
Bertanek hainbat lan ildo ditu, eta honako hauek dira horietako batzuk: merkataritza dinamizatzea eta erosketak Azpeitian egitea bultzatzea; merkataritza ehuna sendotuko duten ekintzak gauzatzea; herrian erosten duten bezeroen fideltasuna saritzea; dendarien etengabeko prestakuntza bultzatzea; herriko merkatariei aholkularitza zerbitzua eskaintzea; Enkarguk zerbitzua eskaintzea; merkatariei beren interesekoa den informazioa eta aholkularitza helaraztea; eta merkatarien ordezkari lanak egitea erakundeen aurrean.