Xanti Agirrezabalaren 'Dena asmatuta dago' saritu dute Euskal Zine Bileran

Nerea Uranga 2024ko urr. 22a, 09:06

'Dena asmatuta dago' film laburra.

47. Euskal Zine Bileraren sail ofizialean Urrezko Antzarra jaso du Jone Arriolaren Dena asmatuta dago filmak. Denera, hogei film laburrek parte hartu dute lehiaketan.

Urriaren 17tik 19ra bitartean egin dute 47. Euskal Zine Bilera jaialdia Lekeition (Bizkaia). Hogei film laburrek parte hartu dute, eta Ainara Elgoibar zinemagileak, Martxelo Rubio aktoreak eta Nerea Ibarzabal bertsolariak osatu dute epaimahaia. Lehiaketako sari nagusia, Urrezko Antzarra eta 3.000 euroko saria, Jone Arriolaren Dena asmatuta dago filmak jaso du. Filmeko protagonistetako bat Xanti Agirrezabala aktore azpeitiarra da, eta filma saritzerako orduan, epaileek, besteak beste, aktoreen interpretazioa nabarmendu dute.

Epaileek adierazi dutenez Dena asmatuta dago filma saritzeko arrazoiak honakoak izan dira: "Bainera txiki batean gauza asko kabitzen direla erakusten digun lana da. Pelikula organikoa, naturala eta, batez ere, freskoa. Gidoirik gabekoa dirudien elkarrizketa sinesgarri eta samurra aurkezten zaigu, eta horrek aktoreen eta zuzendariaren arteko kohesioa eta aurre-lan handia eskatzen ditu. Aktoreen interpretazioa ere azpimarratu nahi dugu, egon beharreko tokian baitaude une oro.” Hortaz, berarentzat 47. Euskal Zine Bilerako Urrezko Antzarra eta 3.000 euroko saria.

Sorkuntza Beka jasotakoa

Jone Arriola Lobete zuzendari elgoibartarraren lana da Dena asmatuta dago, eta Agirrezabala ez da filma Azpeitiarekin lotzen duen gauza bakarra. Izan ere, Azpeitiko Udalaren eta Kulturaz kooperatibaren Sorkuntza Beka jaso zuen Arriolak 2022an filma egiteko. Eta joan den apirilean zuzendariak eta aktoreak Dinamoa sormen gunean izan ziren, filmaren proiekzioaren ondoren ikusleekin solasteko.

"Bainugela zahar bat, arrosa kolorekoa. Gelaren erdian bainuontzi bat eta bertan Lur (Xanti Agirrezabala) eta Martin (Jon Ander Urresti) porro bat erretzen daude. Duela sei hilabete ezagutu zuten elkar baina beraien harremanak oraindik ez du izenik. Ur eta lurrun artean, bikotea elkarrizketa deseroso baina beharrezko batean murgilduko da. Dena asmatuta badago, gure artekoa zer da?". Horrela dio Dena asmatuta dago film laburraren sinopsiak.

 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide