5.000 metro koadroko lurzorua hartzen duen azpiegitura berria eraikitzen ari da Sammic

Ane Olaizola 2024ko urr. 22a, 10:03

Sammic-en handitze lanak. (Sammic)

Ostalaritzako makinak ekoizten dituen enpresak azpiegiturak handitzeko lanak hasiak ditu, ekoizpen ahalmena bikoizteko zein biltegiratzean dituen mugak konpontzeko helburuarekin.

Azkoitia eta Azpeitia arteko Basarte industrialdean dagoen Sammic enpresak jakinarazi du azpiegiturak handitzen ari dela, bere ekoizpen ahalmena bikoizteko zein biltegiratzean dauden oztopoak konpontzeko helburuarekin. Egun, bi eraikin nagusi ditu Sammic-ek Basarten, Azkoitiko lurretan: batetik, 2.100 metro koadro hartzen duen bulegoen eraikina, eta bestetik, 8.500 metro koadroko ekoizpen eta biltegi eraikina. Hain zuzen, instalazio horien ondoan egiten ari dira handitze lanak, eta azpiegitura berriak 5.000 metroko koadroko lurzorua hartuko du. Lanak datorren urtean amaitzea aurreikusten du enpresak.

Sammic-en arabera, instalazioaren hedapenak enpresaren "hazkunde iraunkorrari" erantzuten dio, eta "eraginkortasun operatiboa" hobetzea du xede, produktuen eskaera "gero eta handiagoari" erantzungo diolakoan. Izan ere, ostalaritzako makinak ekoizten dituen enpresak azaldu du salmentek gorakada handia izan dutela 2021eko izurriaren ondotik, eta urteetako "hazkunde jarraituak" bultzatu duela instalazioak handitzeko azterketa egin eta horiek gauzatzen hastera. Hain zuzen, hedapenarekin ekoizpen ahalmena bikoiztu nahi du Sammic-ek, eta horrez gain, biltegiratze mugak ezabatu nahi ditu: "Azpiegitura berriak enpresari malgutasun eta eraginkortasun handiagoarekin funtzionatzea ahalbidetuko dio, eta horrela, bere bezeroei kalitate handiko produktuak epe egokian eskaintzen jarraitu ahal izango du".

Ekoizpena bakarrik ez, diru sarrerak ere handitzea espero du enpresak handitze lanekin. Izan ere, egun 70 milioi euroko fakturazioa du, —Basartera lekualdatu zenean 60 milioi euro fakturatzea aurreikusten zuen–, eta azpiegiturak handituta, zifra hori bikoiztea aurreikusten du.

Hori hala izanda, instalazioak handitzea "urrats garrantzitsua" da enpresarentzat, haren esanetan, merkatuan duen "lidergoa mantentzen" jarraitzeko eta bere eskaintzan berrikuntzak egiten segitzeko aukera emango baitio. Egun, 200 langile baino gehiago ditu enpresak, eta horietatik %80 Azkoitiko egoitzan ari dira lanean. Izan ere, 2007. urtetik Azkoitikoa da enpresaren egoitza nagusia, eta bertan ekoizten dituzte produktu guztiak, baina nazioartean filial komertzial propioak eta biltegiak ditu, hala nola Europan, Amerikan, Ekialde Hurbilean eta Hego-ekialdeko Asian. Enpresak jakinarazi duenez, 100 herrialde baino gehiagotara saltzen ditu produktuak, eta eskerrak eman dizkie bere langileei, bezeroei eta bazkideei, eman dieten laguntzagatik; hedapenak "guztientzat ekarriko dituen onurak ilusio handiz" kudeatuko dituela agindu du Sammic-ek.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide