Erretratua

Aiala Etxegarai: "Dantza garaikidea probatu, eta mundu berri bat ireki zitzaidan

Aitziber Arzallus 2024ko aza. 21a, 16:39

Aiala Etxegarairen erretratua. (Olatz Alkorta)

Madrilera Gizarte Lana ikastera hiru urterako joan, eta 11 urte geroago, unibertsitateko tituluarekin eta dantzari bihurtuta bueltatu zen etxera. Zaletasuna besterik ez zuena, ogibide du egun Aiala Etxegaraik, Azpeitian bizi den erromoarrak (Bizkaia). Duela urtebetetik, Dinamoko Gorputzaren Eremua du entrenameduetarako txoko, eta ikasturte berriarekin, dantza garaikidea irakasten hasi da han bertan. Berea da Erretratua urriko Azpeitia Guka aldizkarian.

Aiala Etxegarai (Erromo, Bizkaia, 1987) ez zen geldirik egoteko jaio. Beti izan da pertsona mugitua, eta baita mugimendu handia behar izan duen pertsona ere. Umetan denetarik probatutakoa da: beisbola, errugbia, tenisa, igeriketa... eta dantza egitea ere gustuko zuen, baina ez "serio", barruan zituen ezinegonak askatzeko baizik. "Amak beti esaten dit, umetan zerbait gertatzen zitzaidanean, izan ona ala txarra, sartzen nintzela nire gelara, eta han, dantza eginez askatzen nuela barrua; horrela bueltatzen nintzela neure onera". Dantza eskolak hartzen nerabezaroan hasi zen, zaletasun gisa, eta parean jartzen zitzaizkion kirol modalitate guztiak probatzen zituen modu berean, dantzarekin ere halaxe egin zuen. "Dantza modernoa, klasikoa, flamenkoa, sevillanak... denetarik probatu nuen; sekula ez, ordea, egunen batean dantzaria izan nintekeela pentsatuta. Mugimendua behar nuen, eta beste hainbat jarduera bezala, dantza ere egiten nuen".

18 urterekin Madrilera joan zen ikastera, baina ez dantza, Gizarte Lana baizik. "Hara joatea erabaki nuen aldaketa bat nahi nuelako, eta han familia daukadalako; izebaren etxera joan nintzen bizitzera". Gizarte Lana ikasten ari zela, dantza garaikidea probatzeko aukera ikusi, eta halaxe egin zuen, aurreneko aldiz. "Sekula ez zitzaidan burutik pasatu ere egin noizbait dantzari profesionala izan nintekeenik, niretzat aukera hori existitu ere ez zen egiten, filmetan ikusten nuen zerbait besterik ez zen; New Yorken-eta agian, baina hemen ez, dantzarena gehiago ikusten nuen fantasiazko mundu bat bezala". Baina probatu, eta liluratuta gelditu zen. "Zaila egiten zait momentu hartan sentitu nuena hitzez azaltzea, bat-bateko maitemintzea bezalako zerbait izan zen; mundu berri bat ireki zitzaidan, sentitu nuen hori zela nirea".

Bat-bateko maitemintzea

Handik urtebetera edo, gaitasunak eta gogoa bazituelako, eta horretarako adin egokia ere bai, irakasleak kontserbatoriora joatera animatu zuen, eta halaxe egin zuen. "Aurkeztu egin nintzen, proba egin nuen eta hartu egin ninduten". Hala, Madrilgo Mariemma dantza kontserbatorio profesionalean Dantza Garaikidea ikasten hasi zen eta sei urte egin zituen han, unibertsitate ikasketak alboratu gabe. Goizetan unibertsitatera joaten zen, eta arratsaldeetan dantzara. "Urte oso intentsoak izan ziren. Egunean bost ordu dantzan jo eta su aritzen ginen. Oso gustura ibili nintzen, baina gogorra ere izan zen, dantzak zaletasun huts bat izateari utzi egin ziolako, nire bizitzan beste dimentsio bat hartzeko. Nire bizitzaren erdigune bilakatu zen, eta obsesio bat ere bai".

Orain, denbora pasatuta eta atzera begira jarrita, asko eskertzen du eta balio handia ematen dio han eginarazi ziotenari eta orduan ikasitako guztiari, han landu zituelako orain dakienaren oinarriak. "Ikaskide izan nituenetako asko 3 urte zituztenetik ari ziren dantzan, eta dantza estilo asko menderatzen zituzten; niretzat, berriz, ordura arte dantza zaletasun bat besterik ez zen. Haiek txikitatik ari ziren dantzak eskatzen dituen gaiatasunak eta diziplina lantzen, eta nirea, nolabait esateko, ikasketa askoz azkarragoa izan zen".

Zentzu horretan, dantza garaikideak beste dantza estilo batzuen ondoan dituen abantailak nabarmendu ditu. "Dantza garaikidea ez da klasikoa bezalakoa; garaikidea ere zorrotza da, diziplina handia izatea eskatzen du eta oinarrian duen teknika menderatzea ere bai, baina ez du horren gorputz normatiboa izatea eskatzen. Askatasuna badago, eta zabaltasun horretan, aukera ematen dizu ikusteko eta probatzeko zer den gehien gustatzen zaizuna eta zer den ondo datorkizuna. Alde horretatik, esan liteke dantza garaikidea atseginagoa dela".

Kontserbatorioan sei urte egin eta gero, kontaktu inprobisazioaren esparrua lantzen hasi zen, irakasle baten eskutik. "Nire ibilbidea markatu duten irakasle batzuk izan ditut, eta horietako bat Cristiane Boullosa izan da. Hark, beste batzuekin batera, FCI Espazioa izeneko dantza eskola zabaldu zuen Madrilen, eta han hasi nintzen kontaktu inprobisazioa lantzen". Bi urteko formakuntza zen berez, baina gaur egun, oraindik ere, eskola horri lotuta jarraitzen du. "Han jarraitzen dut bai ikasten eta baita eskolak ematen ere". Ikasteari sekula utzi gabe, dantza konpainietan lanean hasi zen Etxegarai: Omos Uno konpainian, Mey-Ling Bisogno konpainian... Eta 2012an, konpainia propioa sortzeko urratsa egin zuen, Input konpainia, bere sorkuntzak egin ahal izateko.

Aldaketen zalea

Hiru urterako Gizarte Lana ikastera joan, eta 11 urte geroago, 2017an, Gizarte Lana ikasita eta dantzari bihurtuta itzuli zen etxera. Gizarte langile gisa sekula ez du jardun, ikasten aritu zen hiru urteetan egin zituen praktikaldietan salbu, baina esan du dantzak aukera eman diola unibertsitatean ikasitako hainbat gauza praktikan jartzeko ere. "Dantzaren bidez aukera izan dut behar bereziak dituzten kolektiboekin lanean jarduteko, eta momentu horietan oso ondo etorri zaizkit unibertsitatean ikasitakoak. Esaterako, aniztasun funtzionala duten herritarrekin saioak egin izan ditut dantza garaikidea eta kontaktu inprobisazioa uztartuta; izan ere, kontaktu inprobisazioa oso somatikoa da, asko dauka zure gorputza sentitzetik eta zure gorputzarekin jolastetik".

Aldaketa bat behar zuela eta, duela urtebete Azpeitira etorri zen bizitzera. Bizileku berria aukeratzeko orduan hainbat faktorek bat egin zutela azaldu du: "Banekien kultura aldetik eta herri gisa mugimendu handia zegoela, banekien Dinamoa zegoela eta lagun bat edo beste ere banuen hemen. Horrek guztiak bultzatuta etorri nintzen". Bizitza lasaiago hartzeko saiakera egin du urtebete honetan. "Dantza nire bizitzan beti egongo da eta beti dantzatuko dut, profesionalki ez bada etxean edo jaietan, baina une honetan esan dezaket konturatu naizela nire bizitza guztiak ez daukala dantzaren bueltan egituratuta egon beharrik. Orain dela gutxira arte, dena zen dantza, nire zaletasuna zena nire obsesioa ere izan da urte batzuetan, baina Azpeitian daramadan urtebete honetan ohartu naiz beste gauza batzuk ere badaudela bizitza honetan, eta horiek ere beharrezko ditudala eta horiek ere betetzen nautela; hori oso ondo etorri zait".

Beste zaletasun batzuk ere topatu dituela azaldu du: "Orain, yoga egiten dut, mendira joatea asko gustatzen zait, bizikletan ibiltzea... momentuz gorputzarekin eta mugimenduarekin zerikusia duten zaletasunak bakarrik topatu ditut, baina zerbait lasaiagoa topatu nahian nabil, eskulanak egitea edo, gorputzak ere bere mugak baititu". Eta dantza egiteari ere ez dio utzi. Azken urtean, astean bitan, Dinamoko Gorputzaren Eremua izan du bere entrenamenduetarako leku, eta ikasturte berriarekin, dantza garaikidea irakasten hasi da bertan. Ateak ez dizkio ezeri ixten, dantzarekin lotutako guztia baitu maite: "Jendaurrean jartzeak asko betetzen nau, bai nire sorkuntzekin, bai besteenekin; sortzeak asko betetzen nau; eta azken urteetan dantza irakasteaz ere asko gozatzen dut. Ikasturte honetan, batez ere, irakasten jarri nahi nituzke indarrak, ikastaro luzeekin zein intentsiboekin; eta neuk sortutako bost piezak mugitzea nahi nuke".

 

(Argazkiak: Utzitakoak)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide