Oviedoren aurka galduta, Espainiako Kopatik kanpo gelditu da Biele ISB

Andoni Elduaien 2024ko urr. 23a, 08:40

Danrad Knowles ISBko jokalaria saskipean lehian. (Mikel Amenabar 'Otola')

Gaizki hasi zuen lehia ISBk, baina bigarren eta hirugarren laurdenetan irauli egin zuten markagailua Iñaki Merinorenek. Espainiako Kopako final laurdenetara sailkatzeko aukerarik gabe gelditu da Azkoiti-Azpeitiko taldea atzoko partida galduta.

Biele ISBk galdu egin zuen atzo, asteartea, Espainiako Kopako hirugarren partida. Azkoiti-Azpeitiko saskibaloi taldeak Alimerka Oviedo Baloncesto taldea jaso zuen Azpeitiko kiroldegian, eta Iñaki Merinok zuzentzen duen taldeak 70 eta 85 galdu zuen Lehen Federazio Mailan diharduen Oviedoko (Espainia) taldearen aurka.

Partidaren hasiera ankerra izan zen ISBrentzat; izan ere, Oviedoko taldeak hiruko lerrotik ikaragarri asmatu zuen. Hiru minutu jokatzerako hamahiru puntu goitik jarri zen talde bisitaria (2-15). Halere, laster iritsi zen Merinorenen erreakzioa, eta 14-18 kokatu ziren markagailuan. Dena den, hasieran epaileek gehiegi zigortu zuten etxeko taldea, eta Merino entrenatzaileari falta tekniko bikoitza adierazi zioten laurdenaren azken jokaldian. Azkenean, zortzi puntuko aldearekin itxi zuten lehen laurdena (16-24).

Bigarren laurdenean ondo aritu zen ISB, eta gogotik estutu zuen maila bat goragoko taldea. Bielek norgehiagokaren ekimena hartu zuen Ierai Aizpitarteren eta Iñigo Royoren gidaritzapean, eta haien eskutik markagailuan partida estutzea lortu zuten; laurdena irabazita, hiru puntura jarri ziren markagailuan (34-37).

Hirugarren laurdenaren hasieran, gainera, aurrenekoz hartu zuten aurrea markagailuan Merinorenek. Halere, hasiera bakarrik izan zen, Oviedoko jokalari garrantzitsuenak saskiaren aurrean asmatzen hasi, eta lehendik zuten hiru puntuko abantaila hamalau puntura handitu baitzuten, ISBri garaipenak eskuetatik alde egin zion arte (52-66). Bi taldeen arteko alde hori irauli ezina izan zen etxeko taldearentzat. Laurdena irabazteko ahalegina egin zuen Azkoiti-Azpeitiko taldeak, baina ez zuen lortu. Neurketaren amaiera iragarri zuen txirrina jota, markagailuak 70 puntu erakutsi zituen Biele ISBrentzat eta 85 Alimerka Oviedo Baloncesto taldearentzat.

Atzo, Aizpitarte azpeitiarra izan zen Biele ISBko taldekide onena. Joko antolatzailea taldeko saskiratzaile onena izan zen hamazazpi puntu eskuratuta, baina batez besteko onena ere hark eskuratu zuen, hogei puntu pilatuta.

Jokalariak kiroldegian bildutako zaleak agurtzen. (Mikel Amenabar 'Otola')

Sailkatzeko aukerarik gabe

Oviedo da B multzoko lehena, hiru partidatan hiru garaipen eskuratuta. Hain justu, talde horrek lortu du final laurdenetara sailkatzea. Gipuzkoa Basket da bigarrena lau partidatan bi garaipen erdietsita; Grupo Alega Cantabria hirugarrena bi garaipenekin eta porrot batekin; Biele ISB laugarrena garaipen batekin eta bi porrotekin; eta azkenik, Teknei Bizkaia Zornotza bosgarrena da, jokatutako hiru lehiak galduta.

Dena den, kopa txapelketako multzoko azken partida bat gelditzen zaio ISBri lehiatzeko. Azaroaren 12an, asteartez, jokatuko du ISBko Espainiako Kopako laugarren eta azken jardunaldia, etxean (20:00). Dagoeneko kopako final laurdenetara sailkatzeko aukerarik gabe, Grupo Alega Cantabriarekin neurtuko ditu indarrak sailkapeneko hirugarren postuagatik borroka egiteko.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide