Goi mailako maisuak eta musikazaleak bat, XIV. Tuba Jaialdian

Nerea Uranga 2024ko urr. 23a, 11:18

Agustin Jimenez, Mari Jose Bikendi, Arantxa Orbea eta Aitor LarraƱaga Tuba Jaialdiaren aurkezpenean.

Datorren ostiralean, urriaren 25ean, hasiko da aire metalezko musika tresnen jaialdia, David Muñoz maisuaren jarduera batekin. Zapatuan, berriz, Tuba Eguna ospatuko dute parte hartzaileek, eta tartean, Tuba zirkoan ekitaldi berezia egingo dute.

"Tubaren munduko goi mailako maisuek eta ikasle eta musikari afizionatuek bat egingo dute Azpeitian ostiralean hasiko den XIV. Tuba Jaialdian", azaldu du ekitaldiaren antolatzailea den Agustin Jimenezek. Horrez gain adierazi du, Euskal Herriko, Espainiako eta Frantziako hainbat tokitako parte hartzaileak izango dituela jaialdiak: "Herriko musikariak ez ezik, Hendaiatik, Donostiatik, Zestoatik, Zornotzatik, Hernanitik, Errenteriatik, Miarritzetik, Ordiziatik, Errenteriatik, Soriatik, Akizetik...". Ostiralean eta larunbatean, jaialdiaren barruan, musika, tuba, bonbardinoa eta kultura elkarbanatzeko "aukera paregabea" izango dela nabarmendu dute antolatzaileek.

Tuba jaialdia "musika jaialdi bat baino zerbait gehiago" dela adierazi dute, eta aurtengorako ere egitarau zabala prestatu dutela, "partaide guztien grina eta musika maitasuna" oinarri hartuta.

Ostiralean, urriaren 25ean, hasiko da tuba jaialdia David Muñoz maisuarekin egingo duten aire metalezko musika tresnen maisu gelarekin. 17:00etatik 19:30era izango da saio hori Juan Antxieta musika eskolan. "Oinarrizko teknika saioa egingo dugu, haize metalen soinua hobetzeko ariketak eginez. Gero, metal instrumentuentzako hainbat kanta entseatuko ditugu", azaldu du ostiraleko jarduera Jimenezek. Saio hori bukatzen dutenean, Perez Arregi plazan kontzertu txiki bat eskainiko dute tailerrean ikasitakoaren emaitza jendaurrean erakusteko. Ostiraleko jardueran izena emateko epea bihar arte irekita dago, eta izena honako loturan eman daiteke.

Zapatuan, urriaren 26an, berriz, Tuba Eguna ospatuko dute jaialdiaren barruan. Egun horretarako, Tuba zirkoan izeneko ekitaldi "berezia" eta "dibertigarria" antolatu dute Tutik Clowns taldearekin eta Gari, Montxo eta Joselontxo pailazoek gidatuta. Emanaldia Soreasu antzokian izango da, 18:30ean. Sarrerak eskuragarri daude Kulturaz.eus webgunean.

Musikariek izena honako loturan eman dezakete, eta izen ematea 25 euro izango da. Prezio horretan hamaiketakoa eta bazkaria sartzen dira.

Urriaren 26ko (zapatua) egitaraua honakoa da:

  • 09:00. Azpeitiko Musika Bandaren egoitzan elkartzea. 
  • 09:15. Beroketa saioa, Lluis Verde maisuarekin.
  • 10:00. Lehen entsegua. 
  • 11:00. Hamaiketakoa, Arauntza elkartean.
  • 11:30. Bigarren entsegua.
  • 13:00. Bazkaria, Arauntza elkartean.
  • 15:00. Entsegu orokorra, Soreasuko agertokian.
  • 17:30. Atsedenaldia.
  • 18:30. Tuba Zirkoan emanaldi nagusia, Soreasun.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide