Askotariko produktuak, sukaldaritza tailerra eta jan-edana, Topaketa Ekologikoan

Maialen Etxaniz 2024ko urr. 26a, 08:17

Produktu ekologikoen postuak, umeentzako sukaldaritza tailerra nahiz jolasak eta pintxo zein edari dastaketa egin zituzten atzo arratsaldean Azoka Plazan, Elikaguneak eta Biolurrek antolatuta. 

Biolurrek eta Elikaguneak antolatuta, Urriko III. Topaketa Ekologikoa egin zuten atzo, ostiralez, Azoka Plazan. Arratsaldean zehar produktu ekologikoen postuak, umeentzako sukaldaritza tailerra nahiz jolasak eta pintxo dastaketa izan ziren, ohiko ostiraletako azokako baserritarren postuez gain. Besteak beste, etxeko sagardoa, gazta, ogia, zukuak eta askotariko barazkiak eta frutak erosteko aukera izan zuten bertaratu zirenek.

17:30ean hasita, 8 eta 12 urte bitarteko umeei zuzendutako Ekoizpen duina, kontsumo herrikoia sukaldaritza tailerra eskaini zuen Koxinatuko kide Maitane Cabezak, eta hainbat izan ziren ekintzan parte hartu zuten gaztetxoak. Kalabaza, tomatea, piperra eta romaneskoa erabili zituzten jakiak egiteko, besteren artean.

19:30era bitarte, edari eta pintxo ekologikoak dastatzeko aukera izan zuten herritarrek. Aurrez, baina, Jokin Urangak eta Jon Gurrutxagak bertsoz girotu zuten azoka. Umeentzako, berriz, sukaldaritza tailerraz gain, Felix Pikatzaren zurezko Kalaka jokoak izan ziren aisirako parada. 

Aurtengoarekin hiru dira antolatu dituzte Topaketa Ekologikoak. Aurreneko edizioan, edari ekologikoak izan ziren protagonistak; bigarrengo aldian eta hirugarrengoan, berriz, jakien eta edarien aldeko apustua egin dute, eskualdeko produktu ekologikoak herriratzeko eta ezagutarazteko xedez.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide