Euskal preso, iheslari eta deportatuak etxeratzeko garaia dela aldarrikatu du Sarek

Ihintza Elustondo 2024ko urr. 26a, 09:20

Hainbat herritar, atzo plazan egindako elkarretaratzean. (Sare)

Azpeitiko Sarek deituta, euskal presoen, iheslarien eta deportatuen eskubideen alde mobilizatu dira hainbat herritar plazan, hileko azken ostiraleko elkarretaratzean. Gaur Donostian egingo duten Bakea, Konponbidea eta Elkarbizitza jardunaldira batzeko deia ere egin dute.

Azpeitiko Sarek deituta, hileko azken ostiraleko elkarretaratzea egin zuten atzo, plazan. Ohi bezala, euskal presoen, iheslarien eta deportatuen eskubideen alde mobilizatu ziren hainbat herritar.

Urria izanik, urte amaierara begira jarri dira elkarretaratzearen deitzaileak. "Begi bistan ditugu Gabonetako mobilizazioak eta urtarrilekoa". Urtarrilean Bilboko La Casillatik abiatuta egingo duten manifestazioarekin "behin betiko bakea, konponbidea eta elkarbizitza" aldarrikatuko dituztela nabarmendu du Sarek. "Aldarrikatzen jarraitzera behartzen gaituen salbuespen legediak indarrean jarraituko badu ere, lortu dugu urteetan zehar euskal presoei ezarri zaien salbuespenetako batekin amaitzea. 07/2014 legearen erreformarekin zigorren luzaketarekin amaitzea lortuko dugu, hainbat eta hainbat euskal presok Frantzian zein beste herrialderen batean beteriko zigorrak kontuan hartuko baitira Espainiako Estatuan betetzen ari diren zigorraren baturan, orain arte ez bezela".

Hori "pauso handia" dela nabarmendu du Sarek: "Hainbeste urteren ondoren, arnas pixka bat ematen digu". Lege horren erreformarekin "korapilo handia" askatuko dutela ere erantsi du dinamikak. "Korapiloetako bat askatzea lortu bada ere, argi dugu oraindik korapilo handiak ditugula askatzeko. Salbuespenezko Entzutegi Nazionala da oraindik ere euskal preso, iheslari eta deportatuen auzien ardura duena, eta 07/2003 legeak indarrean jarraitzen du, zeinak hainbat euskal presori 40 urteko zigor osoa ezartzen dien. Oraindik lan egin behar dugula argi izanda, aldarrikatzen jarraituko dugu datozen hilabeteetan, euskal preso, iheslari eta deportatuen etxeratzearekin batera gatazkaren konponbideari ateak irekitzeko garaia dela argi esanez".

Jardunaldia, zuzenean

Gaur, larunbata, Donostian egingo duten Bakea, Konponbidea eta Elkarbizitza jardunaldira batzeko deia ere egin dute. "Bi mahaiz osatutako jardunaldia izango da, nazioarteko ikuspegia emango duten Brian Currinen eta Martina Andersonen ikuspegiaz lagunduta, eta aurrera begira jarriko gaituen bigarren mahai batekin jarraituz; Jon Mirena Landak, Laura Pegok eta Jaime Tapiak egingo dituzte ekarpenak". Saio horiek streaming bidez jarraitzeko aukera izango dela adierazi dute, Sare Herritarraren Youtubeko kanalean. "Beraz, animatu ikustera, interesgarria izango da eta. Pausoak pauso, behin betiko bakearen, konponbidearen eta elkarbizitzaren alde lanean jarraitzea dagokigu", erantsi du Sare Herritarrak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide