Bixio Gorriz eta Tomas Orbegozo Realeko jokalari beteranoek San Martin egoitzara bisita egin zuten atzo. Bi jokalari txuri-urdinak hango egoiliarrekin egon ziren solasean, Realak eta Matia fundazioak –erakunde horrek kudeatzen du Azpeitiko egoitza– elkarlanean martxan duten oroitzapen programaren barruan. Bisiten helburua da egoiliarrek Realarekin dituzten oroitzapenak gogora ekartzea, jokalari beteranoen laguntzarekin.
Ez zen, baina, atzokoa izan San Martinera Realeko jokalari beteranoek egin duten lehen bisita; izan ere, programa urriaren hasieran jarri zuten martxan Arrasaten nahiz Azpeitian, eta egoiliarrek bi astetik behin izaten dituzte halako hitzorduak; urte bukaerara arte izango da martxan programa.