Datorren denboraldian larruzko paletako Gipuzkoako lehen mailan ariko dira Eneko Martija eta Mikel Sanchez

Julene Frantzesena 2024ko urr. 27a, 09:00

Sanchez eta Martija Izarraitz pilotalekuan.

Atzo lortu zuten mailaz igotzeko txartela bi palistek, Azpeitian jokatutako Gipuzkoako Kluben Arteko Txapelketako partida irabazita. Datorren astean txapelketako finala jokatuko dute, baina dagoeneko lortu dute mailaz igotzea. Martija "gustura" dago lorpenarekin, helburua lortu dutelako.

Larruzko paletako lehen mailan arituko dira datorren denboraldian Eneko Martija azpeitiarra eta Mikel Sanchez Azpeitian bizi den debarra. Atzo jokatu zuten Gipuzkoako Kluben Arteko Txapelketako partida Betharrametako pilotalekuan, eta Ilunpeko bikoteak mendean hartu zuen Oiartzungo Txost elkarteko bikotea, partidea 35 eta 18 garaituta.

Martijak eta Sanchezek datorren igandean, azaroak 3, jokatuko dute Kluben Arteko Txapelketako bigarren mailako finala Olaberrian, Ordiziko Oiangu taldeko kideen kontra, baina partida horren faltan, dagoeneko eskuan dute maila igoerarako txartela. Dena den, finala irabaztea ere "helburutzat" dutela azaldu du Martijak. "Gure helburu nagusia mailaz igotzea zen, baina finala irabaztea ere nahi dugu". 10:30ean hasiko dira finalak igandean; lehenik, hirugarren mailakoak ariko dira; ondoren, bigarren mailako finala izango da, eta azkenik, lehen mailakoa.

Gipuzkoako lehen mailan ariko direla eta, "oso gustura" dago azpeitiarra; izan ere, haren hitzetan, Gipuzkoako palista onenak aritzen dira maila horretan eta txapelketaren maila "oso altua" izaten da.

Martijak eta Sanchezek 2022an parte hartu zuten lehen aldiz paleta txapelketan; hirugarren mailan hasi ziren lehian. Bi urtean, baina, gorenera iristea lortu dute; datorren urtean larruzko paletako Gipuzkoako mailarik altuenean ariko dira lehian.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide