Asteburua gazi-gozoa izan da ISBko talde nagusientzat

Julene Frantzesena 2024ko urr. 27a, 15:42

Intza Lizarazu Domusa Teknik ISBko kapitaina atzoko partidan. (Mikel Amenabar)

Emakumeek ez dute Mallorcako taldearen kontrako partida irabazterik lortu. Gizonek, berriz, garaipena lortu dute gaur eguerdian Logroñon. Denboraldiko bigarren garaipena izan da Biele ISB taldearentzat.

Asteburua gazi-gozoa izan da ISBko bi talde nagusientzat. Emakumeen Domusa Teknik ISBk ez zuen irabazterik lortu atzokoan Azul Marino Mallorca Palmaren kontra; gizonen Biele ISBk, berriz, gaur lortu du garaipena, Rioverde Clavijoren aurka. Dena den, denboraldia hasi besterik ez da egin, eta bi taldeek asko dute oraindik jokoan. Momentuz, emakumeen taldeak bostetik bi partida irabazi ditu; gizonenak, berriz, lautik bi irabazi ditu, azken biak segidan.

Challenge Ligako Domusa Teknik ISB taldeak ere atzo jokatu zuen ligako partida, Mallorca Palma taldearen kontra. Azkoitiko kiroldegian jokatutako partida ezin izan zuen irabazi Azkoitiko eta Azpeitiko taldeak; izan ere, 53 eta 74 nagusitu zen Mallorcako taldea. Luis Agirrek gidatzen duen taldeko emakumeek ondo hasi zuten neurketa, baina bigarren zatian aurrea hartu zion Mallorcak; 28 eta 36 zen markagailua atsedenaldian. Handik aurrera ere, ISBk ez zuen lortu egoera iraultzerik; Baleareetako taldeak aldea handitu egin zuen hirugarren eta laugarren laurdenetan.

Iñaki Merinok zuzentzen duen Biele ISBk, berriz, gaur neurtu ditu indarrak Logroñoko Rioverde Clavijoren kontra, etxetik kanpo. Denboraldiko lehen garaipena eskuratu du Azkoitiko eta Azpeitiko taldeak, 63 eta 67 nagusituta. Lehen zatian aurretik izan da ISB; 12 eta 20 bukatu da zatia. Bigarren zatian, berriz, partidari buelta ematen saiatu da etxeko taldea, baina lortutako puntuak ez dira aski izan egoera iraultzeko: 29 eta 29 iritsi da markagailua atsedenaldira. Hirugarren zatian ere puntu gehiago eskuratu ditu Clavijok, baina laugarrenean, berriz, ISB izan nagusi. Horrenbestez, 63 eta 67 irabazi du neurketa ISBk.

Fitxaketa bat

Biele ISBk, gainera, fitxaketa baten berri eman du gaur. Kevon Godwin Ameriketako Estatu Batuetako jokalaria Azkoitiko eta Azpeitiko taldean ariko da denboraldia bukatu bitartean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide