Olerkien goxotasunean borobildu zuten igandea Sanagustin kulturgunean. Azpeitiko Apoa irakurle taldeak antolatuta, poesia errezitaldia eskaini zuten atzo kulturgunean, eta munduko hainbat txokotako poeten olerkiak entzuteko parada izan zen. Hain zuzen, Susa argitaletxearen Munduko Poesia Kaierak (MPK) bilduman jasotako autoreen lanak entzuteko aukera izan zen, Apoako kideen nahiz Susakoen eskutik. Errezitaldian parte hartu zuten MPK bildumako lanak itzuli dituzten hainbat itzultzailek.
Apoako kideek adierazi zutenez, "Susa argitaletxearen Munduko Poesia Kaierak poesia-bildumak berebiziko protagonismoa" izan du taldearen irakurraldietan. Irakurraldi pribatuak utzita, errezitaldi publikoa egin zuten atzo, lehenengoz.
MPK sailaren barruan, mundu zabaleko poeten lau antologia plazaratzen dituzte urtero. 2014an jarri zuten martxan, eta 2021era arte Beñat Sarasolak zuzendu zuen; ordutik aurrera, Maialen Berasategi eta Isabel Etxeberria dira zuzendariak.