Atzo eguerdian jokatu zuten, Gasteizko Iradier Arenan, aizkorako aurtengo Euskal Herriko Lehen Mailako finala, federazioak antolatua. Iker Vicente nafarrak jantzi zuen txapela eta azpeitiarrik ez zen aritu lehian, baina eguerdiko beste txapela azpeitiar bati jantzi zioten.
Izan ere, Jose Ignazio Orgebozo Arria II.ari omenaldia eskaini zioten finala hasi aurretik, Azpeitiko txapeldunak "aizkorari eman dion guztiagatik". Finalistak han zain zituela, Euskal Herriko Herri Kirol Federazioko presidente Igor Duñabeitiarekin sartu zen Arria II.a kiroldegiko kantxara. Finalistak banan-banan agurtu ondoren, Duñabeitiak txapela jantzi zion Arria II.ari, eta dantzari batek ohorezko aurreskua dantzatu zion.