Asteburu emankorra izan da Lagun Onakeko lehen taldeentzat, emakumeek zein gizonek hiruna puntu eskuratu baitzituzten larunbatean etxean jokatutako partidak irabazita. Eguerdian jokatu zuten emakumeek Ondarbeltz Amaikak Mutriku taldearen kontra, ligako seigarren jardunaldiari zegokion norgehiagoka. Lehenengo minutuetatik taldeari intentsitate handia nabari zitzaion zelaian, eta bigarren minuturako markagailuan aurretik jartzea lortu zuten Maialenek sartutako golari esker. Hortik aurrera, lehen zati osoan etxekoena izan zen baloiaren jabetza, nahiz eta atearen aurrean ez ibili horren fin. Etxekoen akats baten ostean, aurkariek banakoa sartzea lortu zuten atsedenaldira iristeko minutu batzuen faltan, baina korner batean Larraitzek sartutako golari esker, atsedenaldira 2 eta 1ekoarekin ailegatzeko gai izan ziren Lagun Onakekoak.
Atsedenaldian hamaikakoan hainbat aldaketa egin zituen Miren Arrondo entrenatzaileak, eta indarberrituta atera zen taldea zelaira, gol aukera dezente sortuz. Baina baloiaren jabetza ia erabatekoa izan arren, atearen aurrean ezin asmatuta ibili ziren. 83. minutuan kolpea hartu zuten, korner batean aurkariek gola egitea lortu baitzuten, baina minutu batean eman zioten buelta, beste korner batean Joanek 3 eta 2koa egin baitzuen.
Gizonek, berriz, larunbat arratsaldean jokatu zuten Eibar C taldearen kontra ligako zortzigarren jardunaldiari zegokion partida. Bi taldeak indartsu zelairatu ziren arren, hamabosgarren minututik aurrera etxekoak hasi ziren partidaren gidaritza hartzen. Lehen zatian pare bat gol aukera on ere sortu zituzten Riberaren gizonek, baina Eibarreko atezainak dotore gelditu zituen biak.
Bigarren zatiaren hasieran gauzek lehengoan jarraitzen zutela ikusita, 60. minutuan aldaketa hirukoitza egitea erabaki zuen etxekoen entrenatzaileak, eta asmatu egin zuen, zelaira sartu eta minutu bat baino lehen kontrarioen atea zulatzea lortu baitzuen Unax Odriozolak, buruz. Horrek Eibarreko taldekideak urduri jarri zituen eta gogotik saiatu ziren markagailuari buelta ematen, baina Lagun Onakek defentsa lan bikaina egin zuen. Aukerak ere izan zituzten bisitariek, baina ez ziren gai izan Jokin atezaina gainditzeko, fin aritu baitzen lanean.