Pasang Temba: "Azpeitia herri berezia da niretzat, Takolo zenarengatik"

Iraia Oteiza 2024ko urr. 30a, 11:30

Pasang Temba eta Tenjing xerpak Azpeitian. (Iraia Oteiza)

Pasang Temba xerpa Euskal Herrian dago egunotan, eta zenbait hitzaldi emango ditu Martin Zabaletarekin batera, 1980an Everestera egin zuten igoera gogoratuz. Saio horietako bat Azpeitian eskainiko du bihar, osteguna, 20:00etan, Soreasu antzokian. 

Pasang Temba xerpa (Ghat, Solo Khumbu, Nepal, 1950) Euskal Herrian dabil egunotan, eta herriz herri hainbat hitzaldi emango ditu Martin Zabaletarekin batera, 1980an Everestera egin zuten igoera gogoratuz. Hitzaldietako bat Azpeitian eskainiko du bihar, osteguna, 20:00etan, Soreasu antzokian. Lagun Onak mendi bazkunak antolatu du Azpeitiko hitzordua, Mendiko Ahotsak zikloaren barruan.

Zer dela-eta etorri zara Euskal Herrira?

Euskal Herria oso garrantzitsua da niretzat, bizipen ugari izan ditudalako euskaldunen artean. Bisitan ere etorri naiz, baina tamalez nire familian bizi dugun egoera zailak ekarri nau oraingoan gehienbat Euskal Herrira. Belaunak ez ditut ongi, eta bi belarrietatik entzumena ia galdua dut.

Seme bat eta hiru alaba izan genituen, baina semea hil egin zitzaigun iaz, kolpera, Hego Korean zegoela. Ordura arte semeak laguntzen zidan nire osasun arazoekin, baina laguntza hori falta dut orain. Alex Txikonek ikaragarri lagundu dit, eta bere eskutik iritsi naiz orain Euskal Herrira ere. Herriz herri nabil, familiarentzako laguntza biltzen eta Txikonek antolatutako hitzaldietan parte hartzen. Irailaren 14an iritsi ginen Euskal Herrira, eta azaroaren 22ra arte egongo gara hemen.

Zehazki, zerekin lagundu dizu Alex Txikonek?

Ongi ez zebilen entzungailua berritzeko dirua utzi zidan iaz, eta berari esker etorri naiz Euskal Herrira ere. Familiari lagundu nahi diot, eta gure bilobari ere etorkizun bat eman nahiko nioke. Badakit euskal herritarrak eskuzabalak zaretela, eta hemen eskainiko ditugun hitzaldietan jasotzen dugun dirua familiari laguntzeko izango da.

Hitzaldi horietako bat Azpeitian eskainiko duzu bihar. Zer da zuretzat Azpeitia?

Azpeitia herri berezia da niretzat, Joxe Urbieta Takolo zenarengatik. Mendizale azpeitiarra oso lagun ona nuen, eta harengatik ezagutu nuen bere jaioterria 1981n Euskal Herrira egin nuen bisitan.

Takolo ere 1980ko gure espedizioan egon zen, Everestekoan, nahiz eta bera ez zen gailurreraino igo. 1995ean, Sisha Pangman ere elkarrekin egon ginen kanpaleku nagusian. Bera euskal espedizio batean zen, eta ni kataluniarrenean, baina elkarrekin egoten ginen kanpalekuan. Oso gizon ona zen, eta materiala, arropa zein bestelakoak uzten zizkidan. Huraxe izan zen Takolo ikusi nuen azken aldia. 2000. urtean hil zen mendizale azpeitiarra, baina nik ez nuen telefonorik garai hartan, eta ez nuen haren heriotzaren berririk jaso. Euskaldunen bat Nepalera joaten zenean 1980ko nire espedizioko euskaldunengatik galdetzen nien, eta haiengatik jakiten nuen zertan ziren. 2005ean euskaldun batzuk iritsi ziren Everesteko eskualdera, eta haiek esan zidaten Takolo hila zela. Denbora askoan egin nuen negar.

2005ean etorri nintzen bigarren aldiz Euskal Herrira eta Takolo falta zen, baina gainerako taldekide guztiekin egoteko aukera izan nuen.

Atzera eginda, 1980ko maiatzaren 14an Everesteko gailurrean izan zinen Martin Zabaletarekin batera. Nola oroitzen duzu egun hura?

Euskal espedizioa saiatu zen 1974an Everestera igotzen, baina ez zuten gailurra zapaltzea lortu. Ni ere behin baino gehiagotan saiatua nintzen, arrakastarik gabe. Everest goraino igotzeko gogo handia genuen, eta lortu genuen. Nekagarria izan zen, baina aldi berean, polita.

Gailurrean ospetsu egin zen argazki bat ere atera zenuen, ikurrina eskuan hartuta. Zer sentimendu sorrarazten dizu horrek?

Oso pozik nago egun hartan lortu genuenagatik. Everesteko gailurrean argazkia atera zidan Zabaletak, ikurrinarekin, baina berari ez nion atera nik. Berandu genbiltzan, 15:30 aldera zapaldu genuen gailurra eta iluntzen hasia zen. Zabaletak argazkia atera orduko beheranzko bideari ekin genion. Ordu erdi inguru egingo genuen denera gailurrean.

Ikurrina gailurrean utzi al zenuten?

Nepaleko Gobernuak debekatu egiten du banderak Everesteko gailurrean uztea. Beraz, gurekin itzuli zen etxera ikurrina ere. Nire etxean daukat gordeta, mimo handiz.

Hotza, nekea, iluntasuna... beldurrik izan al zenuen Everesteko gailurra zapaldu zenuten hartan?

Ezetz esango nuke. Everesteko gailurra zapaltzeko gogo handia nuen, eta emozioa beldurra baino handiagoa izan zen.

1980ko euskal espedizio hura zorteduna izan zen, ez baitzen inor hil. Erorketaren bat edo beste izan zen, baina ezer larririk ez.

Espedizio hura eta gero, igo al zara berriro Everestera?

1984an igo nintzen bigarrenez Everesteko gailurrera, Indiako espedizio batekin, eta 1991n ere goraino igotzea lortu nuen Kataluniako talde batekin. Hiru aldiz zapaldu dut Everesteko gailurra, baina saiakera gehiago ere egin ditut. 2009an erretiratu nintzen nire xerpa beharretik, jada ez bainintzen gai elur jausiak ongi entzuteko, eta ezta korrika behar bezala egiteko ere.

Gaur egun, modan jarri da Everestera joatea, eta ilarak ere egiten dituzte gailurrera igotzeko. Xerpa kopurua ere handitu egin al da?

1980ko hamarkadan 1.200 bat pertsona aritzen ziren gure herrian xerpa moduan lanean. Asko ziren orduan, baina askoz gehiago dira egun, eta xerpa konpainia berri asko sortu dituzte. Xerpa gazteak datoz, baina ongi prestatzen dira eta igoera onak egiten dituzte. Hala ere, elur jausi handiak egoten dira gaur egun, eta xerpek ia hilabete behar izaten dute espedizio bat prestatzeko, aurrena bidea garbitu behar izaten baitute.

Xerpa onak daude, baina mendia beti da arriskutsua. Txikon azkena Annapurnako espedizioan izan zenean, egunero berarengatik eta bere taldearengatik otoitz egiten nuen, badaezpada.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide