Euskal Herriko Skate Txapelketa izango da zapatuan skate parkean

Julene Frantzesena 2024ko urr. 31a, 09:03

Skate bat Izarraizko Ateko skate parkean.

40 bat kirolari ariko dira lehian, park eta street modalitateetan. 16:00etan hasiko da txapelketa. Euskadiko txapela izango da jokoan, eta gainera, modalitate bakoitzeko lehen hiru sailkatuek Espainiako Txapelketarako txartela lortuko dute.

Euskal Herriko Skateboard Txapelketa izango da zapatuan Izarraizko Atea parkearen ondoko skate parkean. Bi modalitatetan lehiatuko dira skaterrak; park eta street modalitateetan, hain zuzen. Modalitate horietan ez dira mailaka aritzen; beraz, helduek, gazteek eta umeek elkarrekin jardungo dute lehian, 16:00etatik aurrera. Orotara, 40 kirolari ariko dira beren abileziak erakusten, punta-puntakoak ere bai, hala nola Gadea Moja, Afrika Criado eta Egoitz Bijueska –Munduko Txapelketan bosgarren egin berri du–.

Euskal Herriko Irristaketa Federazioak (EHIF) antolatu du larunbateko txapelketa, eta federazio horrek antolatzen duen hitzordurik garrantzitsuena da. Izan ere, euskadiko txapela izango da jokoan. Gainera, park eta street modalitateetako lehen hiru sailkatuek Espainiako Txapelketan aritzeko txartela eskuratuko dute.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide