Pedro Otaegi: "Jendearen aurrean egoten irakatsi dit antzerkiak"

Nerea Uranga 2024ko aza. 1a, 17:26

Pedro Otaegi Soreasu kulturguneko plazan, Antzerki Topaketen 40. urteurrenerako egindako murala atzean duela. (Nerea Uranga)

Azpeitian antzerkirako zaletasuna sustatzen zeregina izandako belaunaldietako aktoreetako bat da Otaegi. Antxieta antzerki taldean hasi, Goenkale-rekin telebistara igaro, eta zineman ere lan egindakoa da. 42. Euskal Antzerki Topaketetan Txalo saria jasoko du bihar, eta horren bueltan azaroko Azpeitia Guka aldizkarirako egindako elkarrizketa da hau.

Gaur hasiko dira Azpeitiko 42. Euskal Antzerki Topaketak, eta bihar, Txalo saria emango diote Pedro Otaegiri (Beizama, 1938). Antxieta antzerki taldeak Soreasu zaharra edota Zelaitxo zena antzerkizalez goraino betetzen zituen sasoikoa da, Azpeitian antzerki zaletasuna sustatzen hainbat eta hainbat lan egindakoen belaunaldikoa. Antxietarekin hasi zen antzezten, Imanol Elias zena zuzendari zela. Eliasek Antxieta utzi zuenean laga zuen taldea Otaegik ere. 1982tik 1991. urtera artean hamar bat obratan parte hartu zuen.

Telebistako Goenkale folletoian Euxebio pertsonaiaren larruan egin zen ezaguna Otaegi Euskal Herri osoan. Euskarazko telesail luzeena eta arrakastatsuena izan zen Goenkale, eta joan den urriaren 3an bete ziren 30 urte ETB1en hura ematen hasi zirenetik; 22 denboralditan 3.708 atal eman zituzten, eta Otaegi hamar bat urtez aritu zen han lanean. Zineman lan egitea zer den ere badaki; izan ere, hainbat filmetan egin du lan: Aitona Martin eta biok (2004), Ander (2009), Leon apaizaren eskarmentua (2011), Urte berri on, amona! (2011)...

Lan horiek guztiak koaderno txiki batean ditu idatzita Otaegik, eta elkarrizketan idatzitakoak irakurriz gogorarazi dizkio horiek kazetariari.

Beizaman jaioa, baina Azpeitiko Elizkalean hazia, ezta?

Bai, nik urtebete inguru nuela etorri ginen familia guztia Azpeitira bizitzera, eta ordutik, beti Azpeitian bizi izan naiz. Elizkalean hazi nintzen, elizkaletarra naiz, Kontxu Odriozola zena bezala. Kontxu umetan ezagutu nuen, eta elkarrekin hazi ginen kalean. Gerora, Goenkale-n ere elkarrekin egin genuen lana; hura Maria Luisa zen eta ni Euxebio postaria.

Antzerkian hasi aurretik, beste hainbat tokitan ere jarri zenuen zure alea.

Bai, akolito ibili nintzen, tipleetan ere kantatu nuen, baita Azpeitiko Musika Bandan saxofoia jo ere. Lanean, berriz, 14 urterekin hasi nintzen.

Artista osoa, beraz, gazte-gaztetatik.

Beno, beste gauza batzuetan ere jardun nuen. Kirolean ere ibili nintzen; pilotan jardun nuen, Zestoara joaten ginen pilotan jokatzera. Ttuntturroetan ere ibili nintzen hamar bat urtez; neuk ekarri nituen Goizuetatik [Nafarroa] dunbak. Ikastolan ere batzordean egon nintzen, eta sasoi hartan, ikastolarako dirua biltzeko taberna jartzen genuen Artzubian. Danborradan ere urte askoz parte hartu nuen, Gure Ametsa taldearekin. Olentzero ere izan nintzen: garai batean Azpeitiko Olentzero ofiziala ni nintzen. Antzerkian ere bederatzi urtean aritu nintzen Antxieta antzerki taldearekin. Saltsa askotako perrexila izan naiz.

Antzerkian, ordea, 40 urtetik gora zenituela hasi zinen, Imanol Elias zenaren eskutik. Antzerkia gustuko zenuelako ekin al zenion bideari?

Antzerkia betidanik gustatu izan zait, baina berandu hasi nintzen horretan. Antzerkia ikusten gozatu egiten nuen beti, asko gustatzen zitzaidan Juanito Bikendi-eta antzerkia egiten ikustea. Antxieta antzerki taldea hasi berri zela, antzerkian hasteko aukera izan nuen Imanolen eskutik; halaxe hasi nintzen. Hainbat antzezlan egin genituen: Sendagai traketsa, Jokoa nagusi, Haunditasun ametsak... Urtero lan bat estreinatzen genuen.

Antzerki ikuslea izatetik aktore izatera aldea egongo da, bada?

Bai, antzezlan bat ikusten ari zarenean antzeztea erraza izango dela iruditzen zaizu, baina gidoiak ikasten hasten zarenean... Orduan kontuak! Gainera, entseguetara dena zuzen ikasita eraman behar izaten genuen.

Gidoiak ikasten zer moduz moldatzen zinen?

Ni burugogorra nintzen eta kostatu egiten zitzaidan gidoia buruz ikastea. Makina bat aldiz jarri nintzen buruari eskuekin helduta, neure buruari zera esanez: "Ni hasi ninduan ba honetan, e!".

Esan beharrekoa ahaztuz gero, inprobisatzen al zenuten?

Ez, ez, ez ziguten inprobisatzen uzten, zorrotz jarraitu behar genuen gidoia. Testua ikastea kostatu egiten bazitzaidan ere, behin gidoia ikasita, erraza egiten zitzaidan antzeztea.

Antzerkian ibiltzeaz gain, Euskal Telebistako Goenkale telesailean ere parte hartu zenuen, Euxebioren pertsonaia eginez. Lana eta aktoretza biak uztartzen al zenituen?

Goenkale-n lan egin nuenean ere, segitu egin nuen Danonan lanean. Goizean, telesailaren grabaziora joaten nintzen aurrena, eta behin hura bukatutakoan, autoa hartu eta autopistaz txistu batean itzultzen nintzen tailerrera, han ere ez nuelako nahi huts egiterik. Danonan oso ondo portatu ziren nirekin, aukera ematen baitzidaten Goenkale-ko grabazioetara joateko. Urteak pasatu dira Goenkale egin genuenetik, baina oraindik ere jende askok Euxebio deitzen dit kalean.

Telebistako lana erraza egin al zitzaizun?

Antzerkia telebista baino gogorragoa da. Hanka-sartzeren bat eginez gero, telebistan eten egiten dute grabazioa eta aukera izaten da berriro saiatzeko. Antzerkian, baina, horrelakorik ez dago.

Zineman ere ibili zara: Urte berri on amona, Aitona Martin eta biok... Denetik egin duzu.

Bai, bai, hala izan da.

Zer eman dizu antzerkiak?

Jendearen aurrean egoten ikasi dut antzerkiarekin. Hasieran, jendearen aurrera atera eta halako beldur bat sentitzen nuen, baina beldur horri aurre egiten ikasi dut antzerkiarekin, jendearen aurrean ez izutzen. Hori ez da, ordea, erraza izaten. Behin agertokira irten eta aretoa jendez beteta ikusitakoan, hala esaten nion neure buruari: "Ene bada, nora etorri naiz ni!".

Jende asko ere ezagutuko zenuen aktore lanari esker, ezta?

Asko, jende asko ezagutu dut Goenkale-ri esker, besteak beste, Mikel Garmendia, Abelin Linazisoro... Kontxu Odriozola, berriz, umetatik ezagutzen nuen.

Azken urteetan egin al duzu antzezlanik?

Azkena, Olentzerorena egingo nuen. Hainbat urtez irten nuen herriko Olentzero gisa kalera.

Gainontzean, besteren batek ez al dizu deitu antzerkirako edota aktore aritzeko?

Beno, deitu izan didate aktore lanen bat egiteko eskatuz. Ezezkoa eman izan diet, aktore lana dena utzita nagoelako.

Antzeztea utzita duzu, baina kantuan jarraitzen duzu Azketa ahots taldean.

Bai, hor ibiltzen gara Luis Mari Galdosekin, Juan Mari Lasarekin...

Txikitan tiplea eta orain Azketan, kantatzeari ez al diozu inoiz utzi?

Ez, ni beti ibili naiz kantuan, beti gustatu izan zait abestea. Kantuan gustura ibiltzen naiz, neure kasa ere asko jarduten dut. Azketakook entseguak fin-fin egiten ditugu Soreasun, eta kontzertu bat edo beste ere ematen dugu. Kantu erlijiosoa da niri asko gustatzen zaidana.

Antzerki topaketetan Txalo saria jasoko duzu.

Hori gogorra da niretzat. Beno, esateko modu bat da... Ez dakit mereziko dudan, baina eskerrak eman beharrean nago nirekin akordatu direlako. Gainera, ekitaldian kanturik ere ez da faltako, Azketa ahots taldearekin kantatzeko asmoa ere badugu eta.

Lehen omenaldia eta orain Txalo saria

Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketetan bere ibilbideagatik aurrez aitortza jasotakoa da Pedro Otaegi. Izan ere, 2015ean Topaketetako Antzerkizale Egunean omendu zuten (hemen, saria jaso aurretik Uztarriak egin zion elkarrizketa). Aurtengoan, berriz, Txalo saria emango diote.

Herriko antzezleei eta antzerkigileei aitortza berezia egiteko asmoz sortu zuten Txalo saria 2008. urtean. Orduan, Pilar Aizpitarte aktore azpeitiarrari eman zioten saria. Urte bat geroago, 2009an, Imanol Elias izan zen saritua antzerkigintzari eta antzerki topaketei egindako ekarpenagatik. 2011n banatu zuten hirugarren Txalo saria: Iñaki Bergara Pio antzezleak jaso zuen. 2020an, berriz, Joxe Aranburu antzezlea izan zen saritua.

Txalo saria jaso duten guztiak Otaegirekin batera aritu ziren Antxieta antzerki taldean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide