Urtero bezala, aurten ere Kirol Sariak banatuko ditu Azpeitiko Udalak, Kirol Mahaiarekin lankidetzan. Hiru sari banatuko dituzte: gizonen eta emakumeen kategorietan Urteko Kirolaria Sariak eta Urteko Boluntarioa Saria (norbanako edota talde bati). Sarien banaketa ekitaldia abenduaren 20an, ostirala, egingo du udalak, 19:00etan hasita. Aurreko urteetan larunbat eguerdiz egin izan du sari banaketa erakundeak, baina aurten San Tomas bezperara aldatu du hitzordua.
Sarietarako hautagaiak proposatzeko aukera azaroaren 13ra arte izango dute herritarrek. Proposamenak egiteko, honako galdetegi hau bete beharko dute herritarrek. Behin herritarren ekarpenak jasotakoan, hautagaiekin zerrenda osatuko du udalak, eta herritarrek zerrenda horretako hautagaien aldeko botoa eman ahal izango dute azaroaren 18tik 25era bitartean.
Bi modu izango dituzte herritarrek botoa emateko: igerilekuan eta kiroldegian jarriko diren postontzien bidez edo udalaren webgunean jarriko duten galdetegia beteta.
25 urteotako sariak erakusgai
2000. urtean hasi zen Azpeitiko Udala Kirol Sariak banatzen, eta 2020. urtean ez beste guztietan eman ditu (urte hartan COVID19aren pandemiagatik ez zuten egin ekitaldia). 25 urte hauetan banatu dituzten oroigarriak Mikel San Juan tailugileak egin ditu, eta abenduaren 20an horiek erakusgai jarriko dituzte Sanagustin kulturgunean.