Datorren urteko aurrekontuak osatzeko parte hartze prozesua martxan jartzera doa aurten ere Azpeitiko Udala. Aurreko urteetan bezala, herritarren ekarpenak jasotzeko hiru bide irekiko dituzte: aurrez aurreko bilerak, hainbat gunetan jarriko dituzten buzoiak, eta azpeitia.eus udal webguneko Gardentasun atala.
Aurrez aurreko bilerei dagokienez, herrigune kanpoko auzoetako eta Alde Zaharreko bizilagunekin elkartuko dira udal gobernuko ordezkariak datozen bi asteetan. "Aurrekontuei begira herritarrek zer lehentasun dituzten" ez ezik, "aurrekontuetatik harago bestelako zer proposamen eta behar dituzten ere" jakiteko baliatu nahi ditu bilkura irekiok udalak, eta erakundeak "esku artean dituen proiektuen gaineko informazioa" herritarrei emateko ere bai.
Herrigunean, Alde Zaharrean bakarrik egingo du bizilagunekin bilera udalak aurrekontu parte hartzaileen prozesuaren barruan, "auzoko egitasmoen gaineko informazio eguneratua emateko beharrezko" ikusi baitu erakundeak auzotarrekin aurrez aurre egotea.
Hamar bilera antolatu dituzte guztira, eta hau da batzar ireki horien egutegia:
Azaroak 6, asteazkena
- Alde Zaharra. Basazabalen, 19:00etan.
- Oñatz. Elizako lokalean, 19:00etan.
- Lasao. Auzo lokalean, 19:00etan.
Azaroak 7, osteguna
- Loiola. Loiolatxo elkartean, 19:00etan.
Azaroak 11, astelehena
- Aratzerreka. Auzoko taberna zenean, 19:00etan.
Azaroak 12, asteartea
- Elosiaga. Añotan, 19:00etan.
- Urrestilla. Jubilatuen lokalean, 19:00etan.
Azaroak 13, asteazkena
- Matxinbenta. Taberna gaineko lokalean, 19:00etan.
- Nuarbe. Auzo lokalean, 19:00etan.
Azaroak 14, osteguna
- Landeta. Kiroldegian, 19:00etan.
Informazioa etxez etxe, eta buzoiak
Aurrekontu parte hartzaileei gaineko informazio esku orriak etxez etxe banatuko ditu udalak datozen egunetan. Hain zuzen ere, beren ekarpenak eta proposamenak esku orri horretan idazteko aukera izango dute herritarrek, ondoren udalerrian zehar jarriko dituzten buzoietan uzteko.
Sei tokitan jarriko ditu udalak herritarrek aurrekontuetarako egindako ekarpenak jasotzeko buzoiak: udaletxean, igerilekuan, liburutegian, Urrestillan, Jose Artetxe kalean eta Urbitarte auzoan. Azaroaren 20an kenduko dituzte buzoiak kaletik.
"Kalitatezko zerbitzu publikoen eta azpiegitura egokien bidez, herritarren ongizatean inbertitzen jarraitu nahi" duela adierazi du udalak aurrekontu parte hartzaileen aurtengo egitasmoaren berri ematerakoan, eta horretarako "herritarren lehentasunen berri izatea ezinbestekotzat" jo du erakundeak: "Elkarri entzun, eta elkarrekin aurrera egitea da helburua, azpeitiar guztion ekarpenekin, Azpeitia hobea egiteko".