Gaur bukatuko da Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 35. Astea, eta jaialdiaren antolatzaileek gaur jakinarazi dituzte zein izan diren aurtengo edizioko lan irabazleak. Horien artean izan da Xanti Rodriguezen Ospel Films ekoiztetxearen Gizaki film laburra. EITBren saria jaso du, zehazki, Euskal Film Labur Onenaren saria, eta ondorioz, mila euro eskuratuko ditu zinemagile azpeitiarraren ekoiztetxeak.
Ospel Filmsek egindako animaziozko aurreneko filma da Gizaki. Rodriguezek idatzi eta zuzendu du ikus-entzunezkoa, eta gizarte kritika du oinarri eta gerra nahiz gerraren ondorioak ditu ardatz. Film hori Sitgeseko Zinema Fantastikoaren Nazioarteko Jaialdian emango dute datorren astean; izan ere, Sitges Family atalerako hautatu dute, Espainiako beste bederatzi lanekin batera. Ez da, baina, Ospelen lan bat Kataluniako jaialdian emango duten aurreneko aldia; Lekaime eman zuten 2018an eta Pasaia 2021ean.