Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako bosgarren eta azken final laurdena jokatu dute gaur, igandea, Tolosako (Gipuzkoa) Leidor aretoan, eta saioa bukatuta, argitu da zein bertsolari ariko diren finalaurrekoetan. Oier Etxeberriak lortu du txartela; ez, ordea, Jon Gurrutxagak.
Nerea Elustondok irabazi du gaurko saioa, eta zuzenean sailkatu da finalerdietara, baita gainerako lau final laurdenetako saioen garaileak ere; beste hamabi bertsolarik, berriz, puntuazioz egin dute aurrera. Gaurko saioan parte hartu dute Jon Gurrutxaga azpeitiarrak eta Iñigo Mantzizidor Mantxi zarauztarrak, baina ez da bientzat arratsalde oparoa izan; izan ere, Gurrutxagak ezin izan du final laurdenetako langa gainditu –460 punturekin, seigarren egin du gaurko saioan–; Mantxik, berriz, lortu du hurrengo faserako txartela. Zarauztarrak laugarren egin du Tolosan, 473,5 puntu poltsikoratuta.
Gaurko saioa bukatuta, Oier Etxeberria azpeitiarrak eta Aner Peritz zarauztarrak ere lortu dute lehian bizirik segitzea. Hain zuzen ere, hurrenez hurren, Azkoitiko eta Irungo saioetan lortutako puntuak tarteko egin dute lehian aurrera. Eneritz Artetxe azkoitiarrak, berriz, joan zen astean eskuratu zuen finalerdietarako txartela, saio baten faltan nahikoa baitzitzaizkion Irunen batutako puntuak. Eskualdeko sei bertsolari aritu dira final laurdenetan kantuan, eta lau igaro dira, beraz, finalerdietara; Aitor Salegi eta Jon Gurrutxaga gelditu dira lehiatik at.
Helburua, "maila ematea"
Pozik azaldu da Etxeberria hurrengo fasera igaro delako, baina "merezi izanagatik", lehiatik kanpo geratu direnekiko "penatan". Azpeitiarraren arabera, orain arteko bidean "denek" erakutsi dute maila txukuna, eta "edonork" zuen finalerdietara igarotzeko aukera. "Txapelketan aurrera egiteko guztiek egin dute merezimendua, baina maiz zortea ere behar izaten da halako txapelketetan, eta nire kasuan alde izan dudala uste dut. Lasarteko zein Azkoitiko saioetan nahiko lan txukunak egin nituela iruditzen zait, aparteko distirarik gabe baina ariketa denetan txukun arituta".
Hurrengo fasera sailkatu diren hemezortzi bertsolariek hiru saiotan abestuko dute, seinaka. Lehena Oiartzunen izango da azaroaren 17an, eta han kantatuko du Etxeberriak. Harekin batera izango dira agertokian Ane Labaka, Asier Azpiroz, Beñat Gaztelumendi, Eli Pagola eta Nerea Elustondo. Etxeberriak azaldu du orain beste dimentsio bat hartuko duela txapelketak, hain zuzen saioek bestelako formatu bat hartu eta aretoetatik kiroldegietara zein frontoietara igaroko direlako, eta azpeitiarrak aitortu du ez dagoela ohituta halako dimentsioetan abestera. Hori hala, haren helburua da "testuinguruak, entzuleek zein finalerdiak" eskatzen duten maila eman ahal izatea.
Bigarren saioa, berriz, Zarautzen izango da azaroaren 24an, eta finalaurreko horretan Artetxe eta Peritz izango dira agertokian; Peritzek etxean kantatuko du, beraz. Haiekin batera kantatuko dute Alaia Martinek, Amaia Iturriotzek, Eneko Araiztegik eta Unai Mendizabalek.
Mantxik, berriz, hirugarren eta azken finalerdian kantatuko du, Arrasaten. Kantukide izango ditu zarauztarrak Agin Laburu, Andoni Rekondo, Eñaut Martikorena, Maider Arregi eta Oihana Iguaran.
Dagoeneko salgai daude saio horietarako sarrerak Bertsosarrerak.eus atarian. Hiru saio horietatik zortzi bertsolari sailkatuko dira abenduaren 14an Donostiako Ilunben izango den finalera.