Azpeitiko Udalak 21.000 euroko diru laguntza emango dio Biolur elkarteari, Amillubi proiektua garatu ahal izateko. Nagore Alkorta alkateak eta Mirian Arrizabalaga Biolur Gipuzkoako nekazaritza eta abeltzaintza ekologikoaren aldeko elkarteko lehendakariak sinatu dute hitzarmena.
Azpeitiko Udalak azaldu duenez, bere konpromisoetako bat da herriko nekazaritza iraunkorra sustatzea, eta azken urteetan hainbat ekintza bultzatu ditu lehen sektoreari laguntzeko. "Amillubi proiektua bat dator udalaren helburuekin, herriko nekazarien lanari balioa emango diolako eta aurrerapauso bat izango delako sektorea jasangarritasunaren printzipioen baitan indartzeko", adierazi du udalak.
Hain zuzen ere, elikagaien ekoizpen eta kontsumo jasangarria bermatzea eta hori gauzatzeko lan baldintza duinak eskaintzen dituzten proiektu ekonomiko errealak sortzea ditu helburu Amillubik.