Bihar hasiko dira festak ospatzen Lasaon

Julene Frantzesena

Lasaoko festetako azokako irudia.

Bihar, San Martin egunez, meza eta jubilatuentzat hamaiketakoa izango dira. Ostiralean eta zapatuan jarraituko dute festek; txupinazoa, trikitilarien emanaldia, haurrentzako bazkaria, puzgarriak eta bertso afaria egingo dituzte.

San Martin jaiak ate joka dira Lasaon ere. Bihar, azaroaren 11, San Martin eguna izanik, meza eta auzoko jubilatuentzako hamaiketakoa izango dira. Ostiralean jarraituko dute, baina, jaiek; ofizialki orduan hasiko dira festak.

Txupinazoa ostiral arratsaldean botako dute, 20:30ean, eta gero, pintxo poteoa gauzatuko dute. Ondoren, trikitilariek girotuko dute festa. Jaietako egun potoloena, berriz, zapatuan izango da. Haurrak izango dira protagonista, baina baita gainerako auzotar guztiak ere.

Eguna haurren txupinazoarekin hasiko dute, buruhandiek eta erraldoiek lagunduta. Gero, auzoko haurrentzako bazkaria izango da, eta arratsaldean, puzgarriez gozatu ahal izango dute frontoian. Egunari bukaera bertso afariarekin emango diote: Amets Arzallus eta Andoni Egaña ariko dira kantuan. Gero, Itzeder eta Txibilter trikitilariak ariko dira giroa alaitzen.

Egitaraua

Bihar, San Martin eguna

  • 11:30. Meza.
  • Jarraian, auzoko jubilatuentzat hamaiketakoa elkartean.

Azaroaren 15a, ostirala

  • 20:30. Txupinazoa.
  • Jarraian, elkartean pintxo poteoa.
  • Ondoren, trikitilariekin kantua, dantza eta sorpresa.

Azaroaren 16a, igandea

  • 12:30. Haurrentzako txupinazoa, buruhandiak eta erraldoiak.
  • 14:00. Auzoko haurrentzat bazkaria elkartean.
  • 16:00. Puzgarriak frontoian.
  • 20:30. Bertso afaria Amets Arzallus eta Andoni Egaña bertsolariekin.
  • Jarraian, Itzeder eta Txibilter trikitilariak.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide