Zaintza lanetan aritzen diren emakume migratuei zuzendutako lehen topaketa egingo dute datorren asteko zapatuan, azaroaren 16an, Emakumeen Txokoan.
Hegoaldetik Enarak kooperatibarekin elkarlanean antolatu du jardunaldia Emakumeen Txokoak, bi helburu nagusirekin: kolektibo horretako emakumeei "konfiantzazko toki bat bermatzea" nahi dute, batetik, haien arteko harremanak indartzeko eta bakardadeari aurre egiten laguntzeko; eta, bestetik, emakume horien beharrak jaso nahi dituzte antolatzaileek, aurrera begirako lan proposamen bat osatzeko. "Emakume migratuen interesak, beharrak eta ezinegonak jasotzeko espazio bat izango da, aurrera begira beste emakumeekin sareak eraikitzeko, komunitatea sortzeko eta kolektiboan ahalduntzeko bitartekoak eskaintzeko", azaldu dute antolatzaileek topaketaren xedea.
Izen ematea, ordutegia adosteko
Azaroaren 16ko topaketa goizez egingo dute, baina ordutegia zehazteke dute antolatzaileek. Izan ere, parte hartuko duten emakumeen beharretara "ahalik eta gehien egokitzeko" ahalegina egin nahi dute antolatzaileek.
Horregatik, ordutegia adosteko ahalegin hori kontuan hartuta, parte hartzeko interesa duten emakume guztiei aurrez izena emateko eskatu diete antolatzaileek. 688 751 000 telefono zenbakira deituta eman behar dute izena, eta izena ematerakoan galdetuko diete zer ordutegi datorkien ondo.