Tanta hotzak Valentzian (Herrialde Katalanak) hondamendia eragin duela eta, Azpeitiko Udalak ere kaltetuei laguntzeko diru ekarpena egingo du. Udalak, zehazki, 10.000 euro bideratuko ditu, euskal erakundeek Valentziara laguntza modu antolatuan bidaltzeko egin duten deiari erantzunez.
Halaber, erakundeak azaldu duenez, Eusko Jaurlaritzak, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek eta Eudelek –Azpeitia hango kide da–, Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzaren bitartez, etengabeko harremana dute Valentziako Generalitatearekin, eta zuzenean ari dira jakiten zein diren kaltetutako pertsonek dituzten behar zehatzak.
Udalak azaldu duenez, elkartasuna "egokia eta eraginkorra" izan dadin, instituzioek esaten dutenari kasu egiteko eskatu dute euskal erakundeek. Horri lotuta, uneotan saihesteko eskatu dute material dohaintzak egitea, norbere kasa jardutea edo kaltetutako eremuetara joatea. Aldiz, egoerari erantzuteko gai diren eta kalteak sortu diren eremuetan presentzia duten euskal erakundeei dohaitza ekonomikoak egitea eta halako egoeretan laguntzen duten euskal erakundeetan boluntario egitea gomendatu dute.
Dohaintzetarako aukerak
Horrenbestez, Valentziako kaltetuei laguntzeko hainbat bide badirela zehaztu du erakundeak. Hain zuzen ere, Valentziako Generalitateak Som Solidaritat Dana kanpaina jarri duela martxan gogorarazi du udalak, dohaintza ekonomikoak egiteko hainbat bide badirela zehaztuta. Honako hauek dira diru ekarpenak egiteko aukerak:
Gurutze Gorriaren bidez:
- Kutxa Bank: ES52 2095 5092 0210 6095 0085
- Laboral Kutxa: ES52 3035 0050 7205 0075 1008.
- Bizum: 01376
- Internet bidez: www.cruzroja.es/colabora
Caritasen bidez:
- Kutxabank: ES85 2095500107 1062435374
- Laboral Kutxa: ES74 3035006041 0600100001
- Fiare: ES11 1550000121 0005422720
- Bizum: 38029 (Kontzeptua: DANA Valencia)
- Internet bidez: https://www.caritasgipuzkoa.org/es/noticias/caritas-gipuzkoa-con-valencia-dona