Duela astebete estreinatu zenuten Ilargiaren alabak Gasteizko Nazioarteko Antzerki Jaialdian. Ostiral honetan, berriz, Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketetan izango zarete, Soreasun. Estreinaldiaren ondoren, zer aldarterekin zaude?
Estreinaldiko urduritasuna, zer gertatuko denaren ezjakintasuna, publiko aurrean lehen aldiz antzezten duzuneko kezkak... Horrelakorik ez da izango, baina urdutasuna beti dago presente; kontuan izan behar da Azpeitikoa gure hirugarren emanaldia izango dela. Dena dela, oholtzara igo aurretik beti egon behar du halako zirrara batek, amildegiaren ertzean egotearen sentipenak. Ea oraingoan zer gertatzen den Azpeitian! Aurrekoan Gasteizen izan ginen, eta, hain justu, Pez Limbo konpainia Gasteizkoa da; jarraitzaile asko ditu hirian, ezaguna izateaz gain, urte mordoa daramatzalako lanean.
Zentzu horretan, etxean jokatzen zenuten, ezta?
Hori da, bai, eta horrelaxe suertatu zen, gainera. Eskaini genituen bi emanaldietarako sarrerak agortu egin ziren, euskarazko zein gaztelaniazko saioetakoak. Eta Gasteizen euskarazko obra batek aretoa betetzea harrigarria izan zen. Gainera, sarrerak hilabete lehenagotik agortuta zeuden... Egia esan, nirekin oholtza partekatzen duen Susana Teruelo aktorea gasteiztarra da, eta ikuskizunaren proiektua berea da izatez. Urteak zeramatzan lan hau aurrera eramateko gogoz, eta, beraz, bere ametsa bete du. Ondorioz, bere gertuko guztiak aretoan izan ziren.
Orain ere etxean jokatuko duzue, izan ere, antzezlana mamitzeko hiru egonaldi egin dituzue, eta horietako bat Azpeitian izan zen.
Bi astez egon ginen irailean Azpeitian, eta lanaren fase potentea izan zen hura. Gu jada bagentozen beste bi egonaldi egitetik. Lehena Azalan [Lasierra, Araba] egin genuen astebetez martxoan, eta bertan, nolabait esateko, materialaren sorkuntza egin genuen modu librean. Obrak daukan hazi guztia han atera zen. Benetan, sekulako zoramena izan zen. Jakina, horrelako gai bat [bizitzaren zikloa] askatasun osoarekin lantzean, bat-batean amets sinboliko guztia atera zen, energetikoki oso indartsua.
Jarraian, sortze prozesuko guztia lurrera eraman behar izan genuen, eta irudi horiek denak nola eraman oholtza gainera? Sentipen horiek denak? Sortutako eldarnio modukoa? Bigarren fasean –Gasteizen egin genuen maiatzean–, horretan aritu ginen buru-belarri. Obrak bi atal ditu: bata, onirikoa, emakumearen hilerokoaren lau arketipoetan oinarritua, eta bestea, Susana eta nire arteko elkarrizketak dira, non gure emakume arbasoen kontakizunak azaltzen ditugun, odolarekin zerikusia dutenak, heriotzarekin... Azken finean, bizitzarekin.
Eta azkenik Azpeitian...
Teknika erantsi genion obrari Azpeitiko fasean. Orduan, aktoreok zutik jarri ginen, eta, era berean, antzezlanari argiztapena zehaztu zitzaion. Gu eszenatoki gainean batetik bestera mugitzen gindoazen heinean, argiekin nola jokatu xehatzen joan ziren, eszena bakoitzari ongien zetorkion giroa landuz. Bi aste zorrotz izan ziren, eta anabasa pixka bat ere izan zen, baina, gero, zuzendariak eta bi aktoreok hiru egunez aritu ginen entseatzen modu trinkoan. Antzezlan hau, azkenean, gure tripetatik sortuta dago, eta gure arima eta bihotza hor daude. Gero, ikusiko dugu hori guztia nola helarazteko gai garen Soreasu bezalako antzoki handi batean. Edonola ere, hori da obra honek duen altxorra.
Izatez, hilerokoa al da gaia?
Hilerokoa abiapuntua da; antzezlanaren gaia bizitzaren zikloa da. Izan ere, askotan hilerokoa dela gaia esaten badugu, maskulinoa dena segituan pixka bat urduri jartzen hasten da, "hau ez da guretzako!", esanez. Hilerokoa aitzakia bat da, ate bat, jorratu dugun gaian barneratzeko: hilerokoaren zikloak bizitzaren zikloaz hitz egiten du. Orduan, maila energetiko heterikoan gizonezkoek ere badituzte uteroa eta obarioak, eta nik, emakumea naizen aldetik, barrabilak. Giro espiritualean mugitzen direnek, behintzat, oso argi dute hori; mundukoak garenoi, ordea, gehiago kostatzen zaigu hori barneratzea. Nolanahi ere, nik ere hala dela uste dut; zenbait kasutan, edozein gizonezko baino maskulinoagoa izan naiteke. Azken finean, generoa asmakizun bat da, eta izatez, bizitza da existitzen dena, bizitzaren etengabeko hari ziklikoa, eta obra honek horretaz hitz egiten du.
Iruditegi sinbolikoa errealitateko pasarteekin uztartzen duzue.
Alde sinbolikoa mugimenduaren eta irudien bidez helaraziko dugu, eta hitzen bitartez lur hartu. Zentzu horretan, nire arbasoen istorioak, nire amonarenak, kontatuko ditut, eta nire amonaren familiko emakumeen kontakizunak azaleratuko dira. Horregatik, obra honek erritual kutsua ere badauka. Alegia, ez du inporta gehiegi zer gertatu zitzaion nire amonari edo Susanaren amonari, baizik eta gure istorioen bitartez ikusleek beraien istorio propioetan bidaiatzea nahi dugu. Amona Abelinaren kontuak azaltzen ditudanean, familia guztietan dagoen sekretu horietako bat azaleratuko da, automatikoki ikusleari barruak aktibatzen dizkiona.