Ondo bukatu, hobeto hasi lelopen egingo dute 23. San Silbestre lasterketa abenduaren 31n, Xeye atletismo taldeak antolatuta. Oraindik hilabete baino gehiago falta den arren, gaur, azaroak 6, irekiko dute izena emateko epea. Urtero bezala, kirolprobak.com helbidean egongo da lasterketan izena emateko aukera. Guztira, 1.300 dortsal jarriko dituzte salgai, eta horietatik 1.000 izango dira proba nagusirako; izan ere, azken urteetan bezala, hainbat lasterketa egingo dituzte abenduaren 31n: lasterketa inklusiboa, lasterketa laburra eta lasterketa nagusia.
Lasterketa inklusiboa 11:00etan hasiko da, eta 300 metroko ibilbide izango du. Proba inklusiboan ez da sailkapenik eta izen-ematerik egongo, eta haurrek nahiz helduek parte hartu ahal izango dute, elkarrekin. Alde Zaharreko kaleetan barrena egingo dute proba, eta urtero bezala, Txolarte, Marea Urdina eta Gautenako kideek irekiko dute lasterketa.
Lasterketa laburrak hiru kilometro izango ditu, eta 11:30ean hasiko da. 12 urtetik gorako gazteei eta helduei zuzendutako proba da, eta lehen kilometroa kontrolatuta egongo da. Proba horren helburua da urteari "lagun artean eta giro onean" amaiera ematea.
Lasterketa nagusia sei kilometrokoa izango da, eta 12:00etan hasiko da. Iaz bezala, ez da herrigunetik aldenduko, baina oraindik ez dute zehaztu zein izango den ibilbidea. Helmugan jan-edana egiteko aukera izango dute parte hartzaileek.
Dortsalak abenduaren 30ean eta 31n banatuko dituzte Azoka Plazan. Antolatzaileek azaldu dutenez, 300 dortsal egongo dira hiru kilometroko lasterketarako eta 1.000 dortsal proba nagusirako.
Izen-emateen prezioak
Izen-ematea gaur, azaroak 6, 18:00etan irekiko dute, eta www.kirolprobak.com webgunean egin beharko da. Bertan, kamiseta erosteko aukera ere izango dute parte hartzaileek. Honako hauek izango dira prezioak:
- Lasterketa laburra, kamisetarik gabe: Zazpi euro.
- Lasterketa laburra, kamisetarekin: Hamahiru euro.
- Lasterketa laburra eta lasterketa luzea, kamisetarik gabe: Hamar euro.
- Lasterketa luzea, kamisetarik gabe: Zazpi euro.
- Lasterketa luzea, kamisetarekin: Hamahiru euro.
- Lasterketa laburra eta lasterketa luzea, kamisetarekin: Hamasei euro.
Kamisetaren diseinua honako lotura honetan ikus daiteke.
Sei kilometro, sei irudi
Aurtengo berrikuntza iaz berrikuntza izan zenari lotuta dago; izan ere, 2024an aurrenekoz Sei kilometro sei esaldi egitasmoa antolatu zuten Xeyeko kideek San Silbestre lasterketaren barruan. Modu horretan, lasterketako kilometro bakoitzari esaldi bat esleitu zioten. Aurten, berriz, esaldi horiei irudia jarriko diete, Sei kilometro, sei irudi ekimenarekin. Arte eta Diseinu Ikastegiko (ADI) ikasleek egin dituzte marrazkiok, eta dagozen egunetan aurkeztuko dituzte.
Honako hauek dira irudiz jantziko dituzten esaldiak:
- 1. kilometroa: Euskaraz eta elkarrekin, 2025ra gogoarekin!
- 2. kilometroa: Etortzear dagoenarekin amestu."
- 3. kilometroa: Ospatuz bukatu, gozatuz hasi
- 4. kilometroa: Aldapan gora, aldapan behera, iritsi gara helmugara
- 5. kilometroa: Antxintxike bukau eta laistreka hasi!
- 6. kilometroa: Ez da helmuga, bidaia da; eguneroko abenturaz goza dezagun, Zorionak 2025!