Reale Arena bisitatu dute dozenaka jubilatuk

Julene Frantzesena 2024ko aza. 8a, 09:00

Hainbat lagun atzo Reale Arenan. (Miel Angel Etxaniz)

Realaren egoitzaren barrunbeak ezagutu ahal izan zituzten atzo hainbat jubilatuk, eta ondoren, Aginagako sagardotegian bete zituzten sabelak. Baigerak antolatutako Jubilatuen Asteko ekintzekin segituko dute gaur.

Baigera jubilatuen eta pentsiodunen elkarteak antolatutako Jubilatuen Astea hasi da bukaerara iristen, baina ez gozatu gabe. Astelehenean eta asteartean bingoan ibili eta asteazkenean bakardadeaz hausnartu ostean, atzo Reale Arena bisitatu ahal izan zuten dozenaka lagunek. Realaren egoitzaren barrunbeak ezagutu ahal izan zituzten horiek, eta ondoren, Aginagako sagardotegian bete zituzten sabelak.

Gaur jarraituko dute ekintzekin; bingo berezia egingo dute Baigera I-en, eta eguneko zentroko kideek txokolatea dastatzeko aukera izango dute. Bihar, berriz, mendi irteera egingo dute Madariaga eta Aittola inguruetan, eta gero Aittola Zaharrera joango dira hamaiketakoa egitera.

Igandean ere izango dute zer eginik: hamaiketakoa, meza eta bazkaria zein 90 urteko herritarrei omenaldia gauzatuko dituzte.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide