Ingeniari tekniko bat eta digitalizaziorako administrari bat kontratatuko ditu Azpeitiko Udalak Lanbideren bidez.
Ingeniari teknikoa kontratatzeko deialdiaren oinarriak Azpeitia.eus webgunean argitaratu ditu udalak, honako loturan. Lanpostua betetzeko eskatu dituen baldintzen artean daude ingeniaritza teknikoko titulua edo baliokidea izatea eta hirugarren hizkuntza eskakizuna izatea. Udalak azaldu duenez, jarduera lizentziei eta obra lizentziei buruzko txosten teknikoak eta ikuskapenak egiteko eta udal azpiegiturak eta instalazioak kudeatzeko erantzukizuna izango du langile horrek. Gainera, honako funtzioak ere izango ditu: jardueretarako lizentzien eskaerei buruzko informazio teknikoa ematea; ikuskapen bisitak egitea lizentziak eman aurretik; lizentzien eskaerei buruzko txosten teknikoak egitea; argiztapen publikoa diseinatzea, gainbegiratzea eta mantentzea eta abar.
Ingeniari teknikoaren lanpostua betetzea udalak "premiazkoa" duenez, Lanbidek hautatutako izangaien artean aukeratuko dute. Kontratuak gehienez hiru urteko iraupena izango du, karrerako funtzionario batek bete arte lanpostu hori.
Digitalizaziorako administraria ere Lanbideren bidez kontratatuko du udalak, eta lan eskaintzan izena emateko epea azaroaren 13an bukatuko da. Kasu honetan, sei hilabeterako kontratua izango da. Udalak azaldu duenez honakoak dira ezinbesteko baldintzak: euskararen hirugarren hizkuntza eskakizuna izatea, berehala lanean hasteko aukera izatea, batxilergoko titulua edo baliokidea izatea, Urola Erdikoa izatea eta langabezian egotea edo Lanbiden enplegu eskatzaile gisa izena emanda egotea. Kasu honetan kontuan hartuko dute webguneen diseinuan, komunikazioan edo hornitzaileen kudeaketan prestakuntza edo esperientzia izatea.