Ardoa eta txorizoa nahi adina dastatzeko aukera izan da gaur, zapatua, Azpeitian. Izan ere, XVII. Ardo Dastaketa Eguna egin eta Euskal Herriko X. Txorizo Egosi Lehiaketa jokatu dituzte gaur, zapatua, plazan. 11:30etik 14:30 aldera arte, hamahiru upategitako ardoak dastatzeko aukera izan da plazan, eta aldi berean, hemeretzi harategiren artean ebatzi behar izan du epaimahaiak Euskal Herriko txorizo egosi onena zein etxetakoa den. Iaz bezala, aurten ere Zegamako (Gipuzkoa) Oiarbide harategiko jakia izendatu dute onena
Agustin Jimenez urdaiazpiko moztaileak, Beatriz Larrañaga Eguzkitza tabernako ordezkariak eta Hegoa Larzabal nahiz Alex Silva zinegotziek osatu dute epaimahaia. Laukotea banan-banan aritu da txorizoak dastatzen eta horiei puntuak ematen, eta azkenean, Zegamako (Gipuzkoa) harategiko txorizoa saritu dute hamargarren edizio honetan. 38 puntu eman dizkiote txorizo irabazleari, 36 puntu pilatu ditu bigarren sailkatu den Olazagutiako (Nafarroa) Pako harategiak, eta azkenik, 35 puntu jaso ditu hirugarren sailkatu den Zarauzko Biyona harategiari. Sariak banatzen aritu dira Mikel Odriozola Azpeitiko Udaleko Festa batzordeburua, Sara Ribero Gipuzkoako Merkatariak federazioko kidea eta Virginia Santobeña Ederto-Harakel Gipuzkoako Harategiak elkarteko kidea. Dena den, argazkirako ez da iritsi aurtengo txapelduna, eta hori horrela, Sara Riberok jaso du haren saria.
Gipuzkoako eta Nafarroako hemeretzi harategi hauek parte hartu dute aurtengo lehian: Valentin Odriozola (Azpeitia), Agirre-Etxe (Arrasate, Gipuzkoa), Jose Maria Otegui (Eibar, Gipuzkoa), Joxe Mari Barriola (Ibarra, Gipuzkoa), Arrizabalaga Senideak (Mutriku, Gipuzkoa), Kepa Loidi (Orio, Gipuzkoa), Benito Deba (Ormaiztegi, Gipuzkoa), Pako (Olatzagutia, Nafarroa), Arozena (Tolosa, Gipuzkoa), Miren (Tolosa, Gipuzkoa), I. Barriola (Tolosa, Gipuzkoa), Oiarbide (Zegama, Gipuzkoa), Otamendi (Arrasate, Gipuzkoa), Arteaga (Donostia), Okela (Donostia), Muñagorri (Tolosa, Gipuzkoa), Gesalaga (Zarautz), Bengoetxea (Donostia) eta Biyona (Zarautz).
Ardoa ere aukeran
Azpeitiko Udalak antolatzen du azken urteetan Ardo Dastaketa Eguna, eta bidelagun izan ditu gaur ere Dendartean, Odriozola Ardoak, Ederto Harakel eta Gipuzkoako Merkataritza Federazioa. Txorizoa egosten eta banatzen, berriz, Misio taldeko eta Gaixo eta Elbarrien Aisialdi taldeko boluntarioak aritu dira. Hain justu, txorizo egosi pintxoetatik bildutako dirua azken bi talde horiei bideratuko diete, garapen bidean diren herrialdeetako proiektuetara bideratu ditzaten. Txorizo egosi pintxoez gainera, herriko gaztagileek ere jarri dituzte gaur postuak plazan; bi euroan saldu dituzte pintxoak.
Ardoari lotuta, bestalde, mahats-biltze osteko egunetan ohikoa izaten den bezala, mahatsez betetako aska bat ere jarri dute plazan. Luix Beltzaren dantza suelto eskolako bi bikotek zapaldu zuten mahatsa. Arabar Errioxako sor markako Tobelos, Eguren Ugarte, Viña Real eta Ostatu, Errioxa sor markako Zinio, Dominio de Berzal, Valcuerna, Lan, Salceda, Olarra eta Pierola, eta beste sor marka batzuetako Juve & Camps (Penedes, Herrialde Katalanak) eta Inurrieta (Nafarroa) etxeetako ardoak dastatzeko aukera izan dute herritarrek. Ardo dastaketarako kopa euro batean erosteko aukera izan da, eta dastaketarako txartelak binaka, parea hiru euroan saldu dute eta lau ardo bost euroan.