Domusa Teknik 40 MLK probaren antolatzaileek eta Lagun Onak mendizale bazkunak prestatuta emakumeei zuzendutako bigarren entrenamendu saioa egin zuten atzo, zapatua. 40 bat emakumek parte hartu zuten saioan. 08:00etan Azpeitiko igerilekuaren aurretik irten zuten, eta ibilbidea Mendietxe museoan bukatu zuten. Hamaiketakoa egin ondoren, solasaldia izan zuten nutrizioaz eta kirolaz. Emakumeei zuzendutako hurrengo entrenamendu saioa abenduaren 14an izango dute. Kasu horretan Azkoititik irtengo dute, Ainara Urrutia gidari dutela.
Izen emateak irekitzear
Egun gutxi gelditzen dira Domusa Teknik 40 MLK eta 15 MLK mendi lasterketetako izen emateak zabaltzeko. Proba luzerako 525 dortsal jarriko dituzte eskuragarri eta motzerako 300 dortsal. Azaroaren 13an eta 14an zabalduko dituzte izen emateak, kronoak.com webgunean.
15 MLK distantziako probarako azaroaren 13an, asteazkenean, 18:00etan, irekiko dute izen ematea. Kasu horretan, emakumeentzako 150 dortsal jarriko dituzte eskura, eta hurrengo egunean, azaroaren 14an, ostegunean, 18:00etatik aurrera gainontzeko 150 dortsalak ipiniko dituzte eskuragarri. Kronoak.com webgunearen bidez eman ahalko da izena.
40 MLK probarako izen ematea, berriz, azaroaren 14an, ostegunean, zabalduko dute, 18:00etan. Kasu honetan ere, kronoak.com webgunearen bidez egin beharko da inskripzioa.
(Argazkiak: Alberto Beloki)