90 urteko hamahiru lagun omendu dituzte Jubilatuen Astearen agurreko hitzorduan

Andoni Elduaien 2024ko aza. 10a, 17:57

Baigerak eta udalak antolatuta, 2024. urte honetan 90 urte bete dituzten edo beteko dituzten herritarrak omendu dituzte. Ohi bezala, modu horretan itxi du jubilatuen elkarteak Jubilatuen Astea. Aurten, 62 azpeitiarrek beteko dituzte 90 urte, eta gaur, hamahiru lagunek parte hartu dute bazkarian.

90 urte bete dituzten herritarrak omendu dituzte gaur, igandea, Azoka Plazan. Baigera elkarteak udalarekin elkarlanean antolatuta, Azpeitiko Jubilatuen Astea ospatu dute aste honetan, eta urtero bezala 90 urte betetzen dituztenei omenaldi ospakizuna eginda itxi dute astea. Senide arteko bazkaria egin dute aurrena, eta bapo bazkaldu ostean, Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak zein Baigerako Patxi Altzibarrek opariak banatu dituzte banan-banan. 

Ordea, Jubilatuen Astea ixteko ekintzak goizean hasi dituzte; izan ere, omenaldiaren aurretik hamaiketakoa egin dute Baigera I tabernan, eta 12:30ean, hildako Baigerako bazkideen aldeko meza egin dute parrokian, Jose Ignacio Eguzkitza parroko berriak zuzenduta. Goizeko ekintzak borobiltzeko egin dute bazkaria Azoka Plazan, 14:15 inguruan hasita. Aurten, guztira, 62 herritarrek beteko dituzte 90 urte, eta horietatik hamahiru pertsonak parte hartu dute bazkarian. Omenduak, horien senideak eta udaleko nahiz Baigerako ordezkariak aintzat hartuta, 125 bat lagunek bazkaldu dute.

Honako hauek dira gaur omendu dituzten herritarren izenak:

  • Pedro Galarraga
  • Vicente Izagirre
  • Maria Jesus Azkune
  • Maria Isabel Erkizia
  • Alejandro Odriozola
  • Juan Manuel Garrido
  • Jose Maria Otaegi
  • Joxin Beloki
  • Trino Odriozola
  • Felix Etxeberria
  • Carmen Oiartzabal
  • Miren Zinkunegi
  • Juan Jose Larrañaga

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide