Daniel Luque eta Murteira Grave, aurtengo saninazioetako zezenketetako sarituak

Julene Frantzesena 2024ko aza. 12a, 07:53

Daniel Luque Azpeitiko zezen plaza atarian. (Daniel Luque)

Toreatzaile onenaren eta ganadutegi onenaren sariaz gain, sari berezia banatuko du Zezenzale Batzordeak. Jesus Enrique Colombo toreatzaileak jasoko du sari hori, Almirante zezenaren indultuagatik.

Azpeitiko Zezenzale Batzordeak gaur jakinarazi ditu nork jasoko dituzten aurtengo saninazioetako zezenketei dagozkien sariak. Hiru sari banatuko ditu batzordeak aurten ere: toreatzaile onenarena, ganadutegi onenarena eta sari berezia.

Daniel Luque sevillarrak jasoko du toreatzaile onenaren saria, beste urte batez. Azpeitiko zezen plazan lorpen gehien egin dituen toreatzailea da Luque. 11 aldiz toreatu du Azpeitian, eta aldi horietan hamabost belarri ebaki ditu. Aurtengo saninazioetan uztailaren 31n eta abuztuaren 1ean toreatu zuen sevillarrak herrian, eta bietan ikaragarri ondo aritu zen: bost belarri ebaki zituen –lehenengoan bi eta bigarrengoan hiru– eta ate handitik atera zen bietan.

Ganadutegi onenaren saria, berriz, Portugalgo Murteira Graverentzat izan da aurten ere. Abuztuaren 2an atera zituzten zezen plazara ganadutegi horretako zezenak, eta beste urte batez, haiek izan dira hiru zezenketetako onenak.

Gainera, sari berezia Jesus Enrique Colombo toreatzaileak jasoko du, Almirante zezenaren indultuagatik. Murteira Grave ganadutegiko zezena indultatu egin zuten abuztuaren 2ko zezenketan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide