Lagun Onaken talde nagusiek jokoan zituzten puntu guztiak poltsikoratu dituzte azken futbol jardunaldian. Garmendipen aritu ziren biak zapatu arratsaldean.
Espainiako Hirugarren Mailan, Lagun Onakek sendo jarraitzen du etxean. Herenegun, sailkapenaren azken postuan dagoen San Viator taldea hartu zuten Riberaren gizonek Garmendipen, eta erakustaldirik gabe baina nahiko eroso hartu zuten mendean Gasteizko taldea (2-0). Lehen zatian erabatekoa izan zen etxekoen nagusitasuna, baina ez zuten asmatu nagusitasun hori markagailuan islatzen; Unax Odriozola zarauztarrak areaz kanpotik jaurtita egin zuen Lagun Onaken lehen gola 13. minutuan, eta 1-0 amaitu zen lehen zatia, Azpeitikoek gol gehiago egiteko aukerak izan zituzten arren. Lehen zatian barkatu izana garesti ordaintzeko zorian izan zen Lagun Onak bigarrenaren hasieran. Itxura eskasa eman zuen Lagun Onakek atsedenaldia bukatu berritan, eta San Viatorrek gertu izan zuen berdinketa bigarren zati horretako lehen ordu laurdenean. Sustoak esnatzeko balio izan zion, nolabait, Lagun Onaki: area barruan jokaldi bikaina borobilduz, 2-0ekoa egin zuen Alex Letamendiak 66. minutuan. Lagun Onakek sortu zituen gol gehiago egin ahal izateko aukerak, baina markagailua ez zen mugitu. Zapatuko hirurekin, 18 puntu ditu Lagun Onakek lehen hamar jardunaldiak osatuta eta bosgarren tokian dago sailkapenean. Hain zuzen ere, puntu kopuru berarekin laugarren postuan denaren zelaian jokatuko du Riberaren taldeak datorren igandean, 16:30ean, Aretxabaletan.
Ez dabil sailkapenean hain goian Lagun Onak Ohorezko Erregional mailan, baina Arrondoren emakumeek denboraldiko hirugarren garaipena lortu zuten zapatuan, ligako zortzigarren jardunaldian. Lan eta borroka asko eginda menderatu zuen Lagun Onakek Hernani B herenegun (3-2) Garmendipen. Indartsu ekin zion partidari Lagun Onakek, baloiaren jabetza eta jokoaren ekimena bereganatuz, baina neurketa lehen ordu erdira iristear zela, Hernanik egin zuen gola (0-1, 28. min.). Ezusteko kolpeari laster eman zion buelta, ordea, Lagun Onakek: banakoa egin zuen Joane Kortak, buruz, 35. minutuan, eta emaitza horrekin bukatu zen lehen zatia. Bigarren zatian ez zen lehenengoan gertatutakoa errepikatu, eta Lagun Onakek aurrea hartu zuen, aurrena, eta abantaila gizendu zuenere bai, ondoren. Elene Alonsok egin zuen etxekoen bigarren gola 49. minutuan, korner bat probestuta. Erasokor eta aukerak sortuz jarraitu zuen Lagun Onakek eta horrela iritsi zen 1-3koa: 57. minutuan egin zuen Kortak bere bigarren gola. Baina lasaitasunak ez zion asko iraun Lagun Onaki; Hernanikoek 60. minutuan sartu zuten bigarren gola, eta izugarri penatu gabe, baina lasaitzeko betarik gabe aritu behar izan ziren lanean Arrondorenak bukaerara arte, 3-2koari eusteko. 11 puntu ditu orain Lagun Onakek eta sailkapenean bederatzigarren postuan dago. Datorren asteburuan Tolosaren zelaian jokatuko du Azpeitiko taldeak.