Loiolako Festa Batzordeak antolatutako sagardoaren bueltako festa azaroaren 23an ospatuko dute. Loiolan, basilikaren aurrean, egingo dute Sagardo Eguna, 13:00etan hasita. Auzoko 11 etxetan egindako sagardoa dastatzeko aukera izango da, eta hamabigarren sagardogilea antolatzaileek gonbidatutakoa izango da. Haiek azaldu dutenez, "Azpeitiko sagardogile bat" izango da, baina ez dute zehaztu zein.
Beraz, denera, hamabi etxetako sagardoa dastatzeko aukera izango dute herritarrek: Urruzuno, Iturbide, Iturgain, Agite 1, Agite 2, Etxearreta, Kitterra, Askiola 1, Askiola 2, Azkune, Egurtza eta gonbidatu berezia.
Loiolako Sagardo Egunera joaten direnek pintxoa eta sagardo edalontzia bost eurotan eskuratu ahal izango dituzte. "Behin edalontzia erositakoan nahi adina sagardo edateko aukera izango dute herritarrek", azaldu du Aitzol Arregi Loiolako Festa Batzordeko kideak. Gazta pintxoak jateko aukera ere izango da, Berastegi baserrikoek postua jarriko dutelako.
Loiolako Sagardo Egunaren laugarren aldia izango da aurtengoa. Izan ere, aurrenekoa 2017an antolatu zuten, eta ordutik, 2019an eta 2022an egin dute jai hori auzoan.