Bizkaiko suhiltzaileekin batera joan zinen Valentziara laguntzera. Zenbat joan zineten?
Bizkaiko suhiltzaile etxeetatik hamazazpi laguneko txandak antolatu ditugu Valentziara joateko. Ni bigarren txandan izan naiz han eta hamazazpiko beste bi talde, behintzat, joatekoak dira. Gu azaroaren 6an joan ginen Valentziara, joan den asteazkenean, eta igande goizaldean iritsi ginen etxera.
Zehazki zein herritan aritu zarete?
Massanassa herrian eta inguruetan aritu ginen lanean. Oso konplikatua izan zen hara iristea. Hala ere, larrialdi zerbitzuetan aritzen garenok kaltetutako herrietara iritsi ahal izateko errei bat irekita zuten, eta horrek lagundu zigun lana egin behar genuen tokietara ailegatzen. Euskal Herritik hara joandako zerbitzu guztietako kideak Picassent herriko kiroldegian elkartzen ginen lotarako, suhiltzaileak eta DYAkoak. Hemengo babes zibileko bi ordezkari arduratzen ziren gure lana hangoekin koordinatzeaz. 06:30ean hasi eta 20:00etan bukatzen zen gure laneguna. Picassenteko zaharren egoitzan gosaltzen eta afaltzen genuen; bazkaldu, berriz, laneko kamioien ondoan, hango boluntarioek, DYAk edo udalak emandako ogitartekoekin edo tupperrekin.
Zer panorama aurkitu zenuten han?
Bagenekien dena txikituta egongo zela, baina gauza bat da telebistan ikustea, eta beste bat bertan egotea. Bai enpresetan, bai etxeetan, lurretik bi metroko altueraraino zegoen dena kaltetu edo eraman du urak. Zorigaitz handia izan da.
Zer izan da gehien harritu edo hunkitu zaituena?
Lantoki txikiak, etxeak, kaleak... dena suntsituta ikustea gogorra izan da. Eta hunkigarria, berriz, jendearen harrera. Gu laguntzera joan gara, han lehenbailehen normaltasunera itzul daitezen laguntzera, eta jendea eskerrak ematera etortzen zitzaigun. Etxetik irten ezinda zeuden edadetutako pertsonak aurkitu ditugu, janaria balkoietatik botatako sokekin lagunduta igotzen, etxean urik eta argindarrik gabe zegoen jendea. Uholdeak gertatu zirenetik hiru aste pasatu dira eta argindarra berreskuratu dute dagoeneko toki askotan.
Zuei zertan laguntzea egokitu zitzaizuen? Zer lanetan aritu zineten?
Merkatalguneetako garajeetatik ura ateratzen eta haietan zeuden autoak gainbegiratzen aritu ginen nagusiki, barruan norbait gelditzen ote zen ikusteko. Baina etxebizitzetako garajeetan edo dendetan pilatutakoa ateratzen ere aritu ginen. Azken egunean, berriz, Albuferan ibili ginen, bilaketa lanetan han ere.
Boluntario asko dabil egunotan han lanean. Era batera edo bestera lagundu nahi duen herritar bati, zein mezu helaraziko zenioke? Zein arlotan behar da laguntza gehien?
Boluntario asko ikusi genituen, bai. Gehiegi ere bai, esango nuke, eraginkortasunari begiratuz gero. Izan ere, lanerako esku guztiak behar dira han, bertan bizi direnak lehenbailehen normaltasunera itzultzeko, baina boluntario andana hori koordinaziorik gabe iristen zen. Kamioien eta hondeamakinen artean ibiltzen ziren kaleetan, eta horiek egin beharreko lana oztopatzen zuten sarri. Bestetik, kaleetatik kentzen zuten lokatza estoldetara botatzen zuten, estolda zuloak trabatuta gelditzen ziren azkenean, eta horrek ere oztopatu egiten zuen gure lana. Hala ere, eskertzekoa da benetan laguntzera joan diren gazteen borondatea; horiek bai, hasieratik inplikatu dira.
Valentzian aurretik ere egona zara, ikasten egon zinelako han. Horrek are gehiago bultzatu al zaitu laguntzera joatera?
Valentzian egonaldi bat baino gehiago egindakoa naiz, bai. Ikasten egon nintzen han, eta suhiltzaileon laneko formakuntzaren barruan antolatzen diren txapelketetan ere bai. Baina harreman horrek ez du zerikusirik izan orain Valentziara joatearekin. Neuk, eta gure zerbitzukook, argi daukagu behar gaituzten tokira laguntzera joateko prest gaudela, edozein tokitara.
Denbora asko beharko omen da Valentzian lehengora itzultzeko. Nola ikusten duzu zuk egoera?
Luze joko du lehengora itzultzeak, bai. Orain jende asko ari da han lanean, laguntzen, eta bertakoak emozionalki babestuta sentitzen dira. Baina dena galdu dute, eta larrialdiko lanak bukatzen direnean laguntza psikologiko handia beharko dute. Orain aparretan dago jendea, baina egunen batean behea joko dute, eta hor beharko da benetako laguntza. Gertatu denarekin, jende askorentzat gogorra izango da dolua.
Eskerrak eman nahi dizkiet nirekin egon diren suhiltzaile denei, Euskal Herriko suhiltzaile zerbitzu guztiei, eta Eusko Jaurlaritzari eta gure zerbitzu arduradunei ere bai, Valentziara joateko aukera eta lanerako behar izan ditugun baliabide guztiak eskura jarri dizkigutelako. Amunt Valencia!
Beheko argazki bilduman, Paredesek eta haren kideek Valentzian bizitako hainbat une ikus daitezke.