Alejandro Monasterio xakelariak Gipuzkoako Bigarren Mailara igotzea lortu du

Nerea Uranga 2024ko aza. 13a, 09:58

Urriaren 12tik azaroaren 23ra bitartean Gipuzkoako bakarkako xake txapelketak jokatzen ari dira, eta Hirugarren Mailako eskualdeko azken saioa Azpeitian jokatu dute, Azpeitiko xake elkarteak antolatuta.

Gipuzkoako maila desberdinetako bakarkako xake txapelketak urriaren 12an hasi zituzten, eta azaroaren 23ra bitartean jokatuko dira; Absolutuko, Lehenengo, Bigarrengo eta Hirugarrengo mailetako txapelketak dira jokatuko dituztenak.

Hirugarren Mailako txapelketa eskualdeka jokatu da, eta horietako bat Azpeitian izan zen asteburuan. Hamabost jokalari baino gutxiago izanda, bost txandatan jokatu zuten araudia errespetatuta. Azpeitiko xake elkarteko Alejandro Monasteriok, Aitor Elustondok, Juan Carlos Fernandezek eta Alex Francok parte hartu zuten. Monasteriok bigarren sailkatuta Gipuzkoako Bigarren Mailan jokatzeko aukera lortu zuen.

Azpeitiko saioko txapelduna Izaro Arriola azkoitiarra izan zen, partida guztiak irabazita. Azpeitiko, Azkoitiko eta Zumaiako xake jokalarien artean giro ederra izan zela nabarmendu dute antolatzaileek.

Sailkapen nagusia:

1- Izaro Arriola, 5 puntu (Azkoitia).
2- Alejandro Monasterio, 4 puntu (Azpeitia).
3-Aitor Elustondo, 3 puntu (Azpeitia).
4-Xuban Garate, 3 puntu (Azkoitia).
5-Ane Arriola, 2 puntu (Azkoitia).
6-Alex Franco, 2 puntu (Azpeitia).
7-Juan Carlos Fernandez, 2 puntu (Azpeitia).
8-Juan Cruz Fernandez, 2 puntu (Azkoitia).
9-Andoni Harys Palawo, 2 puntu (Zumaia).
10-Alaitz Hidalgo (Azkoitia).

Absolutuen mailakoak, Eibarren

Gipuzkoako Absolutu eta Lehenengo mailetakoak nahastuta jokatzen ari dira, eta denak Eibarren. Eibarko kirol klubaren mendeurrena ospatzeko asmoarekin. Lehia horretan parte hartzen ari dira Azpeitiko xake elkarteko Miguel Angel Gomez, Jose Andres Perez eta Eneko Alberdi. Dagoeneko bost txanda pasatuta, Gomez 13. postuan  dago 2,5 puntu lortuta; Perez 20. postuan, 2 punturekin; eta Alberdi 19. postuan, 1,5 punturekin.

Datorren larunbatean seigarren txanda jokatuko dute, eta Alberdi Perezen kontra arituko da, eta Gomez Ander Bravoren aurka.

 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide