Loreto Fernandez Imaz organistak bere azken kontzertua eskainiko du larunbatean parrokian

Iraia Oteiza 2024ko aza. 14a, 16:05

Loreto F. Imaz Azpeitiko parrokiko emanaldi batean.

Michael Radulescuren oroimenezko organo errezitaldia eskainiko du Soreasuko Sebastian Donearen parrokian, 12:00etan hasita.

Loreto Fernandez Imaz organo jotzaile donostiarrak erretiroa hartu aurreko azken kontzertua eskainiko du larunbatean Azpeitian. Soreasuko Sebastian Donearen parrokian izango da organista ezagunaren emanaldia, 12:00etan hasita. 

Bere azken kontzertua Michael Radulescuren oroimenezko organo errezitaldia izatea erabaki du F. Imazek, eta hamar konpositoreren obrak interpretatuko ditu han: Georg Muffat, Johann Pachelbel, Johann Sebastian Bach, Michael Radulescu, Johann Jacob Froberger, Jose Antonio Medina, Arvo Pärt, Barbara Heller, Xork I. Viedma eta Georg Friedrich Händel. Besteak beste Radulescuren Sieben chörale zur Passion 1981 obra entzuteko aukera izango da kontzertuan, eta Jose Antonio Medina nahiz Xork I. Viedma konpositoreen Evanescencia eta Iter Caelum 2024 obrak ere interpretatuko ditu estreinekoz.

Loreto F. Imazek 40 urtetik gora eman ditu organista, klabezinista eta kontinuista moduan, instrumentu horiek jotzen nahiz besteei irakasten. Bernadette Carrau, Xavier, Darasse, Montserrat Torrent eta Michael Radulescu maisu handien ikasle izandakoa da. "Azpeitikoa izango da eskainiko dudan azken kontzertua, baina beti eramango dut musika bihotzean. Nire erretiroarekin belaunaldi berriei lekukoa utziko diet, beraiek ere musikarekiko maitasunari eutsiko diotelakoan", adierazi du organistak bere azken kontzertuaren atarian.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide