'Gustu ona ez da alferrik galtzen' ekintza egingo dute bihar Ekoetxean

Iraia Oteiza 2024ko aza. 15a, 09:30

5 urtetik gorako haurrak dituzten familiei zuzendutako doako ekintza izango da, eta bertaratzen direnek elikagaiak alferrik ez galtzearen garrantziaz sentsibilizatzeko proba eta jarduera dibertigarriez gozatu ahal izango dute. Parte hartzeko aurrez izena eman beharko da.

Gustu ona ez da alferrik galtzen esperientzia antolatu dute Azpeitiko Ekoetxean, Hondakinen Prebentziorako Europako Astearekin bat eginez. Bihar, larunbata, egingo dute ekintza, ordu eta laurdeneko hiru txandatan: 10:00etatik 11:15era, 11:30etik 12:45era eta 13:00etatik 14:15era.

5 urtetik gorako haurrak dituzten familiei zuzendutako ekintza izango da, eta bertaratzen direnek elikagaien galeraren arazoari eta horrek ingurumenean duen eraginari buruz hausnartzeko parada izango dute. Zirkuitu interaktibo baten bidez, parte hartzaileek elikagaiak alferrik ez galtzearen garrantziaz sentsibilizatzeko proba eta jarduera dibertigarriez gozatu ahal izango dute.

Esperientzia doakoa izango da, eta parte hartzeko aurrez izena eman beharko da honako lotura honetan.

Hondakinen Prebentziorako Europako Astea bihar hasi eta azaroaren 24ra ospatuko da aurten, Gustu ona ez da alferrik galtzen lelopean. Kanpainaren aurtengo helburua elikagai gutxiago alferrik galtzea da, kontsumo arduratsuko praktikak bultzatuz eta bestela baztertu egingo liratekeen eta balio nutritiboa duten elikagaien berrerabilera sustatuz. Hazi eta Elika Fundazioaren azken ikerketen arabera, Euskadin, batez beste, pertsona bakoitzak urtean 111 kilo alferrik galtzen ditu. Hori horrela, Ekoetxea Sareak elikagaien alferrikako galtze hori murrizteko zenbait esperientzia antolatu ditu. Esperientzia horietako bat izango da bihar Azpeitiko Ekoetxean egingo dutena.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide