Domusa Teknik 15 eta 40 MLK lasterketetarako dortsalak, minutu gutxiren buruan agortuta

Maialen Etxaniz 2024ko aza. 15a, 08:34

Atzo arratsaldean ireki zuten bi lasterketetan izena emateko epea, eta berehala agortu ziren dortsal guztiak. Antolatzaileek azaldu dutenez, izandako eskaera handia tarteko, zerbitzaria "kolapsatu" egin zen, eta horrek arazoak eragin zizkien hainbat korrikalariri. "Pozik" agertu dira probak izandako harrerarekin, eta gogoratu dute 40 MLK lasterketarako itxaron zerrendak irekita daudela. 

Iaz bezala, harrera beroa izan dute Domusa Teknik 15 MLK eta 40 MLK lasterketek, eta probetarako dortsal guzti-guztiak agortu dira. Atzo, ostegunez, 18:00etan ireki zuten izen-ematea, eta bost minuturako agortuta zeuden dortsal guztiak. 65 kilometroko probarako 525 dortsal kaleratu dituzte, eta aldiz, 300 dortsal hamabost miliako lasterketarako. Aurten, berrikuntza gisa, emakumeen eta gizonen partaidetza berditzeko xedez, hamabost miliako probarako 150 dortsal emakumeentzako soilik jarri dituzte salgai. 

Antolatzaileak "oso eskertuta" agertu dira, baina azaldu dute, izandako harrera tarteko, arazo teknikoak izan zituztela: "Egon zen eskaera handiak Rockthesport gure hornitzailearen zerbitzariak kolapsatzea eragin zuen. Ondorioz, gure etsipenerako, hainbat lasterkarik arazoak izan zituzten edo ezin izan zuten izenik eman". Era berean, gogoratu dute 40 MLK probarako itxaron zerrendak irekita daudela. 15 MLK-eko itxaron zerrendak, berriz, beteta daude.  

Maiatzaren 10ean izango da Domusa Teknik 40 MLK lasterketaren laugarren edizioa, eta, horrenbestez, 15 MLK lasterketaren bigarrena.  2022an jokatu zen aurrenekoz Domusa Teknik 40 MLK lasterketa. Domusa Teknik 15 MLK lasterketa, berriz, 2024an jokatu da lehen aldiz. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide