iritzia

Segurtasunaren izenean

Jon Agirre (Mugimendu Sozialistako kidea) 2024ko aza. 18a, 08:38

Kamera bat.

Jon Agirre Mugimendu Sozialistako kideak honako iritzi artikulu hau bidali du Azpeitia Gukaren erredakziora.

Faxismoaren gorakada mundua globalki zeharkatzen doala esatea errealitate baten azalpena besterik ez da. Krisi kapitalistak bizitzako esparru guztiak kolpatzen dituen garaiotan, soluzio errealak emateko gai ez den sozialdemokraziaren proiektu historikoaren ezintasunak (eta honekin, politiko profesional 'klasikoekiko' atsekabe orokortuak), bidea ireki die autoritarismoaren abanguardiei. Ezerezetik sortu eta "buloen" bitartez birproduzitzen doan fenomeno batetik haratago, ongizate estatu gisa ezagutzen genuen pribilegio apurrak mantentzeko soluzio bakar gisa aurkezten zaigu erreakzioa, alternatiba erreal baterako erreferente politiko sendorik ez dagoela aprobetxatuz.

Hazkunde horretan, bataila kulturalean esku hartzeko "segurtasun ezaren" eta beldurraren hedapenak zentralitatea hartu duela nabaria da. Bizitzako esparru guztietan segurtasun eza gailentzen doazen bitartean (izan etxebizitza ordainezinak, lan baldintzen prekarizazioa, oinarrizko prezioen gorakada edota osasungintzan hilabetetako itxarote zerrendak), kolpatu errazak diren lastozko panpinak gorrotatzera bideratzen dira indar guztiak, segurtasun ezari aldebakarreko ikuspegia emanez. Izan ere, fokua desbideratzeko kanpainan daude Ana Rosa, gure youtuber gustokoena, eta orokorrean, kolore guztietako iritzi sortzaileak, bai komunikabideetan, bai parlamentuan ere.

Ez dut baieztatuko intentzio txarra edo oportunismo politiko soila al den, baina ongi orkestatutako sinfonia honetan bere pieza propioak mahaigaineratu ditu Azpeitiako EAJk ere. Ikasturte honetan herriko problematikei lotutako bi prentsa ohar atera ditu (herritarron arazo garrantzitsuenak bailiran); bata Esklabetako okupazioaren aurka eta bestea polizia eta kontrol mekanismo gehiago ezartzea exijitzeko. Mass media guztien errelatoa jarraiki, arazo bat gaindimentsionatuz soluzio orwelldarrak exijitzera dator EAJ, zentzu komunean normalizatzen doan aipatutako perspektiba elikatuz.

Ez litzaidake gustatuko nire hitzak gaizki interpretatzea, buloek hartu duten pisuen aitzakiapean errealitatea ukatzeak ez baitu zentzurik. Guztioi sortzen digu kezka irabaztea horrenbeste kostatzen zaigun hori galtzeko edo lapurtzeko arriskuak. Baina testuinguru kutsatu honetan, tentuz jokatzea ezinbestekoa zaigula deritzot gertaera konkretuetatik drama sozialak eraikitzeko momentuan, are gehiago horien aurrean berehalako soluzio autoritarioak eta punitibistak exijitzeko garaian: ikusi besterik ez dago Donostiako Udalak nola debekatu dituen Kaleko Afari Solidarioak, segurtasunaren izenean kalean gosez daudenei oinarrizko behar hori ere ukatuz.

Izan ere, desestrukturazio sozialak adierazpen ezberdinak ditu gizartean, eta horren ondorioetan itsutzeak arazo errealei heltzeko aukeretatik urruntzen gaitu. Esaterako, egun hauetan, "segurtasun indarren" bortizkeriaz 70 urteko emakume baten etxegabetzea bizi izan dugu Bizkaian, mailegu enpresa baten iruzurra dela-eta 7.000 euro ezin ordaindu izanagatik. Eta aldi berean, arko parlamentario guztiaren babesarekin etxegabetzeak azkartzeko lege baten onarpena eman da. Hau da, etxebizitzarako sarbiderako arazoari heldu ezinean, horrek sortzen dituen ondorioei erantzutera bideratzen dute kode zibila, eta hori adibide bat besterik ez da.

Faxismoaren hazkundea, edota arrazakeriarena, matxismoaren eta klasismoaren hedapena testuinguruaren sintomak besterik ez dira beraz, kapitalismoaren oinarriak babesteko eraikitako errelatoen ondorioak, hain zuzen. Egoera honen aurrean, Azpeitian ere ez gaude horien hedapenetik salbu. Ezinbestekoa zaigu ideia erreakzionarioen adierazpen guztiei aurre egiteko antolatzea, klase elkartasuna hedatuz eta guztiontzat kalitatezko bizi baldintza duinen aldeko borrokan lehen lerroa hartuz.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide